Hilabeteetako lanaren ondotik, atzo izan zen aurtengo Korrikaren abiatze egun handia. Goizean goizetik giroa izan zen Irungo erdigunean, San Juan eta Urdanibia plazetan animazioa bermatua zelarik. Eguerditik aurrera baina, Korrika Gaztearen iritserak markatuta, bi urtean behineko hitzorduaren zaporea hartu zuen egunak. Antxeta Irratian ere zuzenean kontatu genuen eguerdian hasi eta Korrika abiatu arte San Juan plazan gertaturikoa, aurtengo edizioaren protagonistak gonbidatu genituelarik.
Ekitaldi hunkigarri baten ondotik, arratsaldeko 16:00ak ttanko zirela abiatu zen lekukoa plazan behera, Idoia Genua eta Mattin Sorzabalbereren eskuetan. Irungo AEKko kide historikoek izan zuten aurten 2.700 kilometro eginen dituen lekukoa lehen aldiz hartzeko ohorea. Jendetza abiatu zen haien gibeletik, eta jendetza zuten zain Irungo karrika eta etorbide bazter guztietan ere, nor bere kilometroaren txanda iristeko zain. Antzeko egoera bizi izan zen ondotik Hondarribian ere, Euskal Irratietan zuzenean kontatu genuen gisan.
Arratsaldeko 17:20 aldean eta 36. kilometroarekin gurutzatu zuen Santiago zubia Korrikak, hor ere jende faltarik gabe. Ikurrinaz eta nafar banderaz josiak ziren zubi bazterrak, eta milaka jende lasterka, pauso motelean bazen ere, mugaren aurkako aldarriak ozen entzuten zirela. Irungo Harrera Sarea eta Etorkinekin federazioa izan ziren lekuko eramaile, ondotik Hendaiako hainbat elkarteri emanik erreleboa Lapurdiko lehen kilometroarentzat. Antxeta Irratiak Hendaiako erdigunean hartu zuen lekukoa, irratiko belaunaldi gazteenen eskutik.
Erdigunean, bertzalde, aldarrikapenik ere ez zen falta izan, Baleak elkarteko kideek Palestinaren aldeko banderola handi bat hedatu baitzuten Errepublika plazan. Hendaia gurutzatu eta Pausura egin zuen euskararen aldeko mobilizaziorik handienak, ondotik Urruñara bidean, aldapan gora eta poliki poliki egiteko. Kirol elkarteen eta Gazte Asanbladaren eskutik sartu zen Urruñara korrika, herri erdian jendetza batu zitzaiolarik berriz ere.
Azterketak Euskaraz kolektiboa da aurtengo Korrikaren talde omendua, eta taldeko kideen presentzia nabaria izan zen lehen kilometroetan. San Juan plazan Etxepare lizeoko txarangak animazioa ziurtatu zuen, eta Baionatik hurbildutako hamarka gaztek haien aldarriak hedatu zituzten ekitaldian zehar baita Hendaia arteko kilometroetan ere.
Martxoaren 24 arte!
Heldu den igandean, hilaren 24an itzuliko da gure ingurura Korrika. Baionan amaiera izanen duen egunean, goizean goiz, Oiartzundik Lesakara sartuko da, ondotik Beratik pasa eta Lizuniagan barrena Sarara sartzeko. Goizeko 5:00ak aldean sartuko da Lapurdira Korrika, eta zuzenean kontatuko dizkizuegu goiz horretako kilometro guztiak ere Euskal Irratietan.
Orri buruan osteguneko egunaren laburpen erreportaia entzungai duzue, Naiz Irratiko Maite Bidarte lankidearen eskutik.