Txingudiko Pentsionisten Plataformak mobilizazioak azkartuko dituela iragarri du astelehen hontako elgarretaratzean. Astero bezala azken sei urteotan pentsio duinak aldarrikatzeko eta «eskubide publikoen aldeko borroka» politikarien agendan ezartzeko ahaleginak egingo dituztela ohartarazi dute apirilaren 21eko hauteskunde autonomikoen eszenatokia aprobetxatuta. Izan ere, 2018an 1.080 euroko gutxieneko pentsio bat lortzeko mobilizatzen hasi zirenetik «mespretxua» besterik ez dutela jaso diote, eta gaur egun pentsionisten erdia ez da mila eurotara heltzen. «Osasun zerbitzu publikoa eta pentsioena desmantelatu eta pentsio zein osasun-mutua pribatuak egitea sustatzen ari dira, eta hori terrorismo soziala da», salatu dute Irungo San Juan plazako kontzentrazioan.
Pentsionisten arazoa bada ere, egungo langile guztiena ere badela oroitarazi dute. Haien prekarietatea ere kontuan hartzen baitute, etorkizuneko kotizazioak aintzat hartuta. Patxi Bengoetxea plataformakideak pentsionisten mezua eta sufrimendua manipulatu egin dutela salatu du irakurritako manifestuan. Ondoren, Antxeta Irratiko mikrofonoetan azaldu duenez, «sistemaren biktima gara, aberatsak geroz eta aberatsagoak dira, eta pobreak geroz eta txiroago. Eta ez gaituzte kontuan hartzen».
Eros ahalmena eta eskubide publikoak
Zentzu honetan, duela sei urte aldarrikatzen hasi ziren gutxieneko pentsioa motz geratu dela, eta dagoeneko 1.080 eurokoa beharrean 1.200ekoa eskatzen hasi beharko direla iragarri dute plataformako kideek. Langileen soldatarekin bezala, prekarietatea handia delako.
Bengoetxeak bildutako datuen arabera, «espainiar estatuan 1956tik 1976ra soldata minimoa hirukoiztu egin zen bitartean garai demokratikoa indarrean denez geroztik, herritarrek etengabe eros ahalmena galdu dute». 2000. hamarkadan «mileuristak prekarietatearen ikur ziren bitartean, 20 urte beranduago luxu bat bilakatu da askorentzat», dio Bengoetxeak.
Hau guztia salatu eta agintariek «edozein koloretakoak izanik ere» aldarrikapen hauek aintzat har ditzaten manifestazio bateratua deitu dute 120 kolektibo sozial eta sindikalek bat eginik Gasteizen apirilaren 18an. Euskal Herriko Pentsionisten Mugimendutik herritar orori deia luzatu diote mobilizatzeko.