Espainiar estatuko Atzerritarren legea deusezteko eta etorkinen eta pertsona arrazializatuen prekaritatearekin bukatzeko deia egin du asteazken eguerdi honetan ELA Sindikatuak Santiago zubian.
"Sindikalismo antiarrazista baten alde" egin dute ekitaldia goizean Ficoban, eta ekitaldiaren bukaeran manifestaldia egin dute, zubia ordu laurdenez itxiz. Berrehun bat lagun bildu dira, delegatu sindikalak gehien bat, lan munduan eta gizartean orohar migranteek dituzten hamaika trabak salatzeko.
Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiak azaldu duenez, gaur egun Hego Euskal Herrian plantan dagoen legediak hainbat traba jartzen dizkie etorkinei lan munduan integratzeko momentuan. Hala, Atzerritarren legearen aurkako aldarriak entzun dira manifestaldian zehar, eta ildo beretik mintzatu da Lakuntza ere.
Idazkari nagusiak azaldu duenez, lanketa berezia egin dute azken urteotan etorkinak eta langile arrazializatuak ELAn integratzeko, eta kontent agertu da emaitzarekin. "Sindikatu antiarrazista" izateko bidean direla dio, eta horren eredutzat izan du gaurko manifestaldian banderola nagusiaren gibelean ziren ordezkari sindikal asko etorkinak izatea.
Bihar, martxoaren 21arekin izanen da Nazio Batuen Erakundeak hala izendaturik Arrazakeriaren aurkako Nazioarteko Eguna. 1966an aldarrikatu zen eguna, sei urte lehenago, Hego Afrikan, Apartheid betean, polizia arraza bereizketaren aurka ari ziren manifestariei oldartu eta sarraskia egin ondotik. Joan den larunbatean manifestaldia izan zen Donostian, SOS Arrazakeriak deiturik.