Irandatzeko kiroldegiak hartuko du apirilaren 18ko goizeko 9:00tatik 13:00ak arte Hendaiako enplegu foroaren bosgarren edizioa. Lan-Eko Hendaiako enplegu eta jarduerarako laguntza zentroak antolaturik, eskualdeko instituzio eta enpresekin elkarlanean, enplegu bila dabiltzanak eta langile bila dabiltzanak harremanean jarriko ditu.
Fred Tranche Hendaiako bigarren auzapezordeak azaldu duenez, enplegatzaileez gain formatzaileak ere bertan izanen dira. Hain zuzen ere, lanbidez aldatzeko beharra duten langileei ere bada zuzendua hitzordua, haien ibilbide profesional aldaketan bidelagun izan nahi baitu foroak. Mugaz gaindiko izaera ere baduela gehitu du Tranchek gaur egindako aurkezpenean, Bidasoaren alde bitako langile eta enplegatzaileak izanen baitira bertan.
France Travail frantses estatuko enplegu agentziaren -2023 arte Pôle Emploi zena- Donibane Lohizuneko zuzendari Gwenola Trivierek hainbat datu eman ditu aurkezpenean. Gaur egun, 1.500 pertsona daude Hendaian lan xerka, eta 2023an %14 igo ziren Hendaian lanpostuak. Ipar Euskal Herrian berriz, langabeak 24.000 dira, eta lanpostu igoera %6koa bertzerik ez zen izan.
Ezberdintasun horren oinarria, Trivierek eta Hendaiako lehen auzapezorde Chantal Kehrigek argi utzi dutenez, industria da. Bigarren sektoreak presentzia handia du Hendaian, Intzurako eta Dorrondegiko Jarduera Eremuetan bereziki. Hain zuzen ere, herriko bi enplegatzaile ez-publiko nagusiak diren Sokoa eta Epta ere hitzorduaren antolatzaileen artean dira.
Sokoa enpresaren egoitza berrian izan da Enplegu foroaren aurkezpena, Lekueder karrikaren hirugarrenean. Bertan 60 pertsona ari dira lanean, Timothée Axeritogarai Sokoako zuzendari orokorrak azaldu duenez. Eptari dagokionez berriz -Bonnet Nevé izenean ezaguna hendaiar askorentzat-, 600 langile ditu orotara, eta haietako 200 azken hiru urteetan kontratatu dituztela azaldu du Jean-Marc Abbadie giza baliabideen zuzendariak. Langile berriak kontratatzen jarraitzeaz gain, enpresa feminizatzeko eta ahalmen urritukoentzat erakargarri egiteko helburua dutela gehitu du.
400 lanpostu betetzeko
Sektore publiko eta pribatuetako 50 enplegatzailetik goiti izanen dira apirilaren 18an Irandatzen, baita hainbat aholkularitza zerbitzu eta formatzaile ere. Gaële Bonnot Lan-Ekoko zuzendariak aipatu duenez, industria eta ostalaritza turistikoa izanen dira sektore nagusiak, baina hainbat zerbitzu publiko ere bertan izanen dira, Itsas Erietxea edo Garraioen Sindikatua bertzeak bertze.