Xaia Kantuz hitzorduak Kaxianoren kantutegia izanen du ardatz larunbatean

Aimar Lopez 2024ko api. 18a, 07:00

Pausuko Xaia ostatuak hartuko du afari eta kantaldia, Hendaiako Baleak elkarteak antolaturik · Taldeka edo bakarka, Kaxiano kantari, musikari eta bertsolari mitikoaren doinuak frexkatuko dituzte larunbat arratsean

2016tik urteroko hitzordua da Xaia Kantuz, udaberrian Baleak elkarteak antolaturiko afari eta kantaldia. Edizio bakoitzerako euskal sortzaile bat hautatzen dute antolatzaileek, eta haren kantutegitik doinu bana parte hartzen duten taldeek. Hala, afal ondoan, bata bestearen gibeletik kantari taldeak mikrofono aitzinean jartzen dira kantu ezagun edo ez hain ezagunak kantatzeko.

Aurtengoan, Kaxiano hautatu dute Baleakeko kideek. Lizartzarra 2002an zendu bazen ere, haren kantuek belaunaldiak zeharkatzen jarraitzen dute. Zorionak Zuri eta Itsasontzi Batenez harago, Kaxianoren kantuak taldeen artean banatu eta kantatuko dituzte larunbat honetan, antolatzaileek azaldu dutenez. Bide beretik, taldeka izan arren lehiarik ez dela izanen ere argitu dute mahai inguruan izan ditugun Oihane Olaizola, Jexux Arzallus, Ion Alberdi eta Josu Iturria Baleak elkarteko kideek.

Hain zuzen ere, apirilaren 20an arratseko 20:30ean finkatu dute hitzordua Pausuko Xaia ostatuan. 21:00tan hasiko dira afaltzen, eta hortik ordubete ingurura kantuan. Izena emateko aukera bada oraino, Xaia ostatuaren 05 47 75 07 02 telefonora deituz.