Eusko Legebiltzarrerako bozak izan ziren atzo Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, %62ko parte hartzearekin. Berdinketa izan zen EAJ eta EH Bilduren artean, 27na eserlekurekin, eta 2020arekin alderatuta jeltzaleek lau legebiltzarkide galdu baditu ere, PSE-EEk bere emaitza 10etik 12ra emendatu duenez, Eusko Jaurlaritza azken agintaldi honetan emandako formula berarekin gobernatzeko aukera izango du. Alderdi nagusi guztiek igo dituzte bozka kopuruak parte hartzearen gorakada nabarmenak bultzaturik. Aldiz, EH Bilduk emaitza historikoak lortu ditu hiru lurraldetan, eta 21 eserlekutik 27ra igoko du bere presentzia Eusko Legebiltzarrean, oposizio lana indartuz. Izan ere, Araban eta Gipuzkoan ezker subiranista lehen indarra bilakatu den bitartean, EAJk Bizkaia atxiki du.
Haatik, oraindik ere apirilaren 26ra itxaron beharko da emaitza ofizialak argitzeko. Gipuzkoan jarleku bat egon daiteke dantzan PSE-EE eta EH Bilduren artean, eta atzerriko bozka zenbatzea falta da oraindik. Orotara 3.700 bat gipuzkoar izan dira atzerritik bozkatu dutenak. Halere, Gipuzkoan, 1.360 botora dago koalizio abertzalea beste eserleku bat lortzeko helburutik. Beraz, oso zaila da atzerriko botoek EAJren eta EH Bilduren arteko berdinketa haustea. Litekeena da, eserleku kopuruen banaketa bere horretan amaitzea.
Bidasoa, Gipuzkoako uhartea
Bidasoa eskualdeari dagokionez, aldiz, Gipuzkoako dinamika orokorraren uhartea izaten jarraitzen du. EH Bilduk Gipuzkoako hainbat hiri gottorretan aurrea hartu badio ere, EAJ nagusitu da Irunen eta Hondarribian. Aldeak nabarmen murriztu dira halere. Irun-Hondarribian EAJk 645 bozka gehiago bildu dituen bitartean, EH Bilduren gorakadak bi herrietan, 2020ean baino 3.187 boto gehiago suposatu du.
Izan ere, koalizio abertzaleak emaitza historikoak lortu ditu Irunen, 5.945 botorekin duela lau urte baino 2.281 gehiagorekin inoiz lortutako emaitzarik onenekin, eta Irungo bigarren indarra bilakatuz. Halere, EAJk 2020ean baino 510 bozka gehiago batu ditu oraingoan Irunen, eta 8.425 botorekin (%32,39) lehen indarra izan da EH Bildu eta PSE-EEri 10 puntuko aldea ateriaz, duela lau urterekin alderatuta ia 4 puntu galdu baditu ere. Sozialistek bere partetik, 999 bozka gehitu dituzte 2020 urteko hauteskundeekin alderatuta, eta bozka proportzioan ere gora egin dute %21,95etik %22,26ra, baina 5.791 botorekin PSE-EE hirugarren indarra da orain, EH Bilduk aurrea hartu baitio bozken %22,85arekin, 2020ean baino bost puntu gehiago.
Gainerakoan, PP alderdiak ere gora egin du 2.635 bozka lortuz (2020ean 1.709 lortu zituen), eta laugarren indarra da. VOX ultra eskuindar alderdia bilakatu da bosgarren indar politikoa Irunen hauteskunde hauetan. Irunen 1.050 bozka bildu ditu, duela lau urte 721 jaso zituen bitartean. Horiek hala, EAE mailan bezala, Elkarrekin Podemos (David Soto irundarra eserlekurik gabe geratu da) izan da Irunen ere amildu egin dena. 2020ean 2.265 bozka jaso zituen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Irunen, eta oraingo honetan 745 boto besterik ez. Arabatik eserleku bat lortu duen leinu bereko Sumar alderdiak Irunen bildutako 800 bozka inguru batuz gero ere, ez dute 1.500 bozken langa batzen bien artean.
Hondarribian, aldiz, EAJ izan da lehen indarra berriz ere. Jeltzaleen gotorleku historikoa izanik, 3.599 bozka lortu ditu, duela lau urteko emaitzak 135 botoetan hobetuz. Bigarren indarra, orduan bezalaxe, EH Bildu izan da. Baina Hondarribian ere gorakada nabarmena lortu du koalizio abertzaleak, 906 bozka gehiagorekin, guztira 2.742 boto lortuta. Hirugarren indarra, PSE-EEk ere 235 bozka gehiago lortu ditu eta hirugarren postua indartu egin du 891 bozkekin. Hondarribiko laugarren indar politikoa PP izan da, 491 botorekin, eta 2020ko emaitzekin alderatuz, 162 bozka gehiago lortuta. Ondoren, Sumar (240 boto), Elkarrekin Podemos (164) eta testimoniala bada ere, aipagarria da ere, VOXek 100 bozka lortu dituela Hondarribian.