Emankizun berezia

Literatura eta irakurzaletasuna bere forma anitzetan bizirik direla aldarrikatu dute

Aimar Lopez 2024ko api. 23a, 17:11

Liburuaren Nazioarteko Eguna kari emankizun berezia egin du Antxeta Irratiak Irungo Liburu azokatik · Irun, Hondarribia, Lesaka eta Etxalarko ekimen ezberdinen berri bildu dugu

Erronka eta forma berriekin bada ere, bizirik dira liburuak eta gogotsu irakurleak; horixe apirilaren 23 honetan Liburuaren Nazioarteko Egunak eman duen ondorioetako bat. Irunen, herriko etxeak Zabaltza plazan emandako oihal etxe azpian bi liburu denda, hainbat idazle, eta liburuekin artelanak egiten dituzten hainbat artista bildu dira. Antxeta Irratiak ere bertara mugitu du bere estudioa, goiza eta eguerdi artean bi orduko emankizun berezia eginez, Aitor Errazkinen gidaritzapean.

Miren Itsaso Martin Aranburu Tinta Comics dendaren arduraduna izan dugu lehen gomita, eta komikiek, manga liburuek eta eleberri grafikoek eskualdean duten arrakastaren berri eman digu. Hamaika urte ditu dendak, eta azokan ere urterokoa da haien presentzia. Jatorri japoniarreko mangez gain, hemengo sortzaileen ekoizpenak ere ekarri dituzte, eta azaldu digunez, komiki zaleez gain, irakurtzeko zailtasunak dituzten gazteak ere usu biltzen zaizkie, literatura irisgarriago baten bila.

Etxalarrera hurbildu gara ondotik, Paola Oskoz lankideak Bortzirietako herrian estreinakoz egin duten ekimena aurkeztu baitigu. Altxata elkartearen eskutik, lagun ezkutuaren formatuko liburu trukea antolatu dute herri mailan, eta hamarka lagun batu dituzte. Gaur arratsaldean jaso du parte hartzaile bakoitzak jatorri ezezaguneko liburu oparia, Irune Elizagoien antolatzaileak kontatu duenez.

Parean elkarteko lagunak ere gurean izan ditugu, azken urteetan literaturak dituen joera sexistak agerian uzteko egin duten lana aipatzeko bertzeak bertze. Ainara Lopez elkarteko kideak azaldu duenez, gaur egun ere haur literaturan protagonista gehiago dira mutilak neskak baino, baina horrez harago, "mantalik gabeko neska gehiago" izan daitezen lanean ari dira, baita "maskulinitate ezberdinak" dituzten mutilak izateko ere. Honetaz gain, berdintasunaren ikuspegitik sorkuntza sustatzen duen Asun Casasola ipuin lehiaketaren sustatzaile da elkartea, lehiaketak hamar urte bete dituen honetan.

Koldo Nausia lankideak Irun eta Hondarribiko liburutegietara hurbildu gaitu; Irungo CBAn urteroko irakurraldia egin dute gaur goizean. Hondarribian berriz, erretreta hartu berri duen Kote Gebara liburuzain eta liburutegiaren sortzailearekin izan da. Elkarrizketa mardul batean, bereiztezinak diren Gebararen ibilbide profesionala eta Zuloaga Etxearen historiari begiratu diote. Liburuzain erretiratuak aipatu duenez, irakurzaleen zerbitzura egoteaz gain, edonolako laguntza behar duten ehunka herritar izan dituzte liburutegian, zerbitzu publikoaren isla.

Nuria Alzaga Irungo kultura hautetsia izan dugu gure mikrofonoetan, eta hirian irakurzaletasuna sustatzeko martxan dauden hainbat ekimenen berri eman digu. Liburuaren Nazioarteko Egunaren egitarauaren baitan, azokaz gainera, bertze hainbat erakusketa, aurkezpen eta irakurraldi egin direla ere azaldu digu.

Emankizuna bukatzeko, Lesakara ere joan gara Paola Oskozi esker, Lesakako liburutegiak sortu duen Mintzoan Kux Kux haurrentzako irakurketa klubaz mintzatzeko. Marcos Tantos liburuzaina kontent agertu da ekimenak izan duen harrerarekin, eta heldu diren hilabeteetan buru belarri ariko dira horretan.

Orri buruan entzungai duzuen bi orduko emankizunaren bidez, eskualde zabaleko literaturaren eta irakurzaletasunaren mapa osatu dugu gaurkoan, irakurleak, profesionalak eta sortzaileak errutik dituen literaturarena.