Haimar Etxeberriak besoak altxa zituen Ibardingo lepoan

Paola Oskoz 2024ko api. 27a, 09:03

Bidasoa Itzuliaren lehen liderra bilakatu da, eta mendikoa, erregulartasunarena eta euskaldunaren maillotak ere bereganatu ditu.

Bidasoa Itzuliko 50. edizioaren lehen etapa ospatu zen atzo, Irun eta Ibardingo lepoaren artean. 130 kilometro osatu dizituenu tropelak atzoko egunean eta Haimar Etxeberria irundarra (Finisher) izan zen helmugan besoak altxa zituena. Erran eta egin. Hori zuen hasierako helburua eta gazteak lortu zuen horiz janztea etxeko lasterketan. Berak irabazi zituen bertze hiru maillot gehiago ere: erregulartasunarena, mendiko sailkapenarena eta lehen euskaldunarena. Hurrengo helburua igandera arte nagusitasun bera mantentzea izanen da.

Eguna Irunen hasi zuten Bidasoa Itzuliko 50. edizioa hasi zuten 126 txirrindulariek. “Amonarekin gosaldu” zuen atzo goizean Haimar Etxeberriak, betiko moduan. Sentsazio onak dagoeneko hor zeuden, baita garaipen gosea ere. Irundik Berara joan ziren eta Endarlatsan izan zen lehen ihesaldi saiakera, Javier Ceballos taldeko txirrindulariaren aldetik. Hala ere, denak elkarrekin ailegatu ziren Berako tarteko helmugara. Han, Beñat Garaiarrek (Telco) bildu zituen hiru puntuak. Gibeletik, Wies Verdonk (Basso Team) eta Markus Maeuibo (Essax).

Lucas Barbosak (Latorre) bertze saiakera bat egin zuen, baina horren ondotik etorri zen eguneko ihesaldirik luzeena. Alvaro Lopezek (Extremadura) hamar segunduko tartea hartu zuen tropelarekin Oronoz-Mugairi aldean eta txirrindulari honi Yugi Tsuda (Nippo) gehitu zitzaion segidan. Biak elkarrekin zeharkatu zuten Baztan, 46km/h, gehienez ere 44 segundu hartuta pelotoiarekiko. Orden horretan pasatu ziren Elizondoko tarteko helmugatik ere, Lopez lehenbizi, Tsuda bigarren eta Garaiar hirugarren (Berako hiru puntuak gehituta, lau zituen eta tarteko helmugetako lider birtuala zen). Edonola ere, Elizondo pasatuta, tropelak iheslariak irentsi ziteun eta Amaiur bidean ekaitza hasi zuen.

Txirrindulariek ez zuten arriskurik hartu Amaiurretik Elizondorako bidean zeharkatu zituzten bidezidorretan. Erorikoak tarteko, bi zatitan banatu zen tropela eta aitzinean zihoazten 50 bat lasterkarik minutu bateko tartea hartu zuten bigarren taldearekin, Baztandik Bortzirietara eramaten duten errepideetan. Lehen taldean ihes egiteko saiakera batzuk egon ziren eta azkenean, lauko taldetxo batek hartu zuen aitzina lasterketa Lesakan sartu denean. Tarteko helmugaren bila joan ziren eta orden honetan pasatu ziren: Verdonk (hor kendu zion Garaiarri tarteko helmugetako maillota, puntu bateko aldea hartuta), Aimar Erostarbe (Caja Rural) eta Jo Hashikawa (Nippo).

Igantzirako bidea hartu zuen Itzuliak eta Piedadeko gaina (3. maila) zuten esperoan txirrindulariek. Momentu horretan egin zuen lehen agerikoa Haimar Etxeberriak (Finisher), mendateko puntuak hartzeko eta mendiko maillota ere bereganatzeko. Bi aldiz igan zuten Piedad atzoko egunean eta bigarrenean jo zuen erasoa Caja Ruraleko Jan Castellonek. Igantzitik behiti abantaila hartu zuen eta bakarrik joan zen, Beraraino, 46 segunduko gehienezko tartea hartuta. Berako sarreran aldiz, bere saiakera bertan behera gelditu zen.

Bera pasatuta, soilik Ibardinera igatea gelditzen zen lehen etapa bukatzeko. Lehen taldea elkarrekin joan zen igoera guztian zehar, Caja Rural tropelburu zela. Edonola ere, Finisher taldeak ez zuen alde batera utziko gaurko garaipena eta lanean hasi zen, Etxeberriari laguntzeko. Behin Ibardinera sartuta, irundarra izan zen erasoa jo zuena eta berekin batera, Louis Sutton (AVC Aix-en-Provence) eta Samuel Novak (Polti Kometa) joan ziren. Horrela gelditu da garaipena azkenik. Etxeberriak irteeran errandakoa egin zuen eta besoak altxa zituen txirrindularitzan historikoa den helmugan, “ametsa beteta”. Gibeletik, Bidasoa Itzulian irabaztea ongi dakien Sutton helmugaratu zen, baita Novak ere, Dario Giuliano bere taldekidearekin. Bostgarren postuan, Lucas Towers (Caja Rural).

Horrela, Bidasoa Itzuliko 50. edizioaren lehen liderra bilakatu da Etxeberria, eta gaur horiz jantzita ikusiko dugu Hendaiatik Hondarribiara doan etapan. Lehen garaipen hau berekin gosaldu zuen amona Mari Carmeni eskaini zion, eta Ibardinen bertan izan zituen lagun eta senitarteko guztiak. Maillot horiaz gain, mendikoa ere lortu zuen, baita erregulartasunarena eta lehen euskaldunarena ere. Tarteko helmugetako lider Verdonk da eta 20 urtez azpiko sailkapenaren buru, Novak.

Bigarren etapako menuan Zigako mendatea eta Jaizkibel

Gaur, apirilaren 27an, bigarren etapa izanen da jokoan. Hendaian hasi eta Berako bidea hartuko du tropelak Baztanera ailegatzeko. Baztanin Zigako mendatea igango dute, hirugarren mailakoa, eta berriz ere leku beretik Nafarroatik Gipuzkoara pasatuko dira. Irundik Lezora pasatu eta Jaizkibel (1. maila) gainditu beharko dute azken kilometroetan, jeitsieran Hondarribiako Kale Nagusia pasatuta, Arma Plazan bukatzeko, 133 kilometroren ondoren.

Haimar Etxeberriak “egunez egun” ikusiko du zer gertatzen eta nora eramanen dion maillot horia janzteak. Tropelak ez du begi bistatik galduko eta bera ongi kokatua egon beharko da azken etapa erabakigarrian garaipenerako aukerak edukitzeko. Ikusiko da ea bertzeren batek amonarekin gosaltzeko aukerak dituen.