RENFEko Irun-Brinkola aldiriko trenak 10 egun daramatza Irundik zerbitzurik eman gabe, Gaintxurizketako tunelaren zulatze lanak behin amaituta, bertan egindako azterketa geologikoetan pitzadurak aurkitu zituztelako. Segurtasun arrazoiak direla eta, tren-zerbitzua eten egin zuten. Eta ADIFen arabera bi aste inguru beharko dituzte egoera bideratzeko, baina momentuz ez dute tunela noiz berrirekiko duten jakinarazi.
Bien bitartean, autobus zerbitzu alternatiboen bitartez ari dira Irun eta Pasaia-Lezoko tren geltokiaren arteko zerbitzua minimoetan eskaintzen. Eguzki talde ekologistak salatu duenez, «erabiltzaile asko dira autoa hartzera behartuak» ikusten ari direnak. Izan ere, egun eta ordutegiaren arabera (bereziki asteburuetan) bi ordu behar izaten dituzte bidaiariek Irun-Donostia artekoa “trenez” egiteko. «Tren garraio publikoa minimo historikoetan» egoteak dakarren kutsadura salatu dute ekologistek.
Arazo honi Topoarena batuko zaio asteburu honetan. Aldiriko trenen gabezia estaltzen ari zen Euskotreneko Toporik ere ez baita izango martxan maiatzaren 18an eta 19an. ADIFek jakitera eman duenez, Irungo Elizatxoko pasabidearen goikaldea erautsi egin behar dute AHTari lotutako lanen ondorioz, eta Irun-Gaintxurizketa arteko topo zerbitzurik ez da izango asteburu osoan.
Aldiz, Hendaiatik autobusez ordezkatuko dute zerbitzua, Gaintxurizketako Euskotren geltokiraino bidaiariak eraman ahal izateko. Hortaz, Donostira joateko topoaren geltokirik hurbilena Gaintxurizketa-Lezokoa izango da (justu tunelaren ondoren dagoena), eta ETS empresa publikoak eta Euskotren operadoreak eskainiko dituzten autobusek topoak egin ohi duen ibilbide beretsua egingo du. Hau da, Hendaiako tren geltokia, Ficoba, Irungo-Erdigunea Colon, Belaskoenea, Landetxa-Ventas eta Gaintxurizketa.
Gainerakoan topoak ohiko ordutegiak izango ditu Gaintxurizketa-Donostia artean. Aldiz, larunbata gaueko zerbitzua Oiartzun izango du lehen eta azken geltokia, eta Hendaiarainoko zerbitzua ez da autobusez ordezkatuko. Horiek hala, Bidasoaldetik Oarso edo Donostialdera joateko komeriak izango dituzte asko asteburu honetan. Trenez bederen, ez da aukera izango.