Ultraeskuinaren gorakadari Europan aurre egiteko kanpaina bete-betean da EH Bildu Bidasoaldean ere

Antxeta Irratia 2024ko mai. 27a, 15:04

Ekainaren 9an ospatuko diren Europako parlamenturako hauteskunde kanpainaren harira, EH Bilduk euskal nazioaren defentsa, antifaxismoa, bakea eta trantsizio ekosozialean sakontzeko bi ekitaldi antolatu ditu Bidasoaldean hurrengo egunetarako. Ostegunean, maiatzak 30ean, Almudena Grandes plazan 19:00tan. Eta ekainaren 3an Hondarribiko San Pedro kalean ordu berean. 

Irungo EH Bilduk argitu duenez, «ultraeskuinak Europan duen gorakadak ekar dezakeen atzerapauso demokratikoaz jabetuta» daude, eta honi aurre egiteko, EH Bilduren Europako jardueraren ardatz nagusiak, euskal nazioaren defentsa, antifaxismoa, bakea eta trantsizio ekosoziala izango dituzte hizpide Irungo zein Hondarribiko ekitaldietan. 

Orain Errepublikak zerrendaren proiektua sakonago ezagutu nahi duenak, Irungo Almudena Grandes plazan (CBA liburutegiaren aurrekoan) izango du aukera, maiatzaren 30ean 19:00etan. Hitzordu horretan Larraitz Ugarte eta Gorka Elejabarrieta izango dira. Iragarri dutenez, eguraldi txarra egingo balu, ekitaldia Palmera-Montero gunera lekuz aldatuko lukete.  

Hondarribian, aldiz, ekainaren 3an 19:00tan Hondarribiko San Pedro kalean egingo dute (Itxaropena eta Gran Sol tabernen artean), eta Olaia Duarte eta Jon Altolagirre egongo dira bertan. Kasu honetan ere, euria egingo balu Alde Zaharreko Kultur Etxean egingo lukete.