Iaz Euskal Herriak hamarkadaotan jaso duen afrikar jatorriko migrazioaz hausnartzeko antolatu zuten GORA HERRIAK ekimena. Aurten hari beretik tiraka, GORA HERRIAK Euskal Herria-Argentina antolatu du Bixi Bixi elkarteak. Antolatzaile eta elkarteko kide Xabier Alegriak aipatu digunez, «iaz ikusi genuen harrera herria garela, baina historian zehar migratu duen herria ere bagarela ohartu beharra dugu». Horregatik, euskal migrazioa eta diaspora aztertu nahi izan dute aurten. Eta zer hobe horretarako, euskaldunok Argentinan ditugun sustrai sendoak aztertzea baino.
Azken bost mendeetan jo dugu euskaldunon ameriketara. Baina bereziki 1840tik aurrera emandako euskal diasporaren ondorioz, gaur egun Argentinako biztanleen %10ak euskaldun bat du bere arbaso eta abizenen artean. Hegoamerikako Euskal Diaspora ez da ahantzi. Ez da ahazten eta euren komunitateetan duten eragina baliatuz, gizarte osoak gogoan atxiki dezan lan handia egiten dute hango euskal etxeetan. Horren seinale dugu, urtero eta salbuespenik gabe, 1937an Gernikan gertatutako sarraskia oroitzen eta salatzen dutela Chascomus, Mar del Plata eta Rosarion, hiru hirietan Gernikako Arbolaren kimua landatuta dagoen enparantzetan.
Historia pasarte anitz amankomunak ditugularen seinale denez, horretan sakonduko dute aurtengo GORA HERRIAK ekimenean, ikuspegi eta garai historiko desberdinetatik, adituen hitzaldi eta dokumentalekin ez ezik, gaur egungo Argentinak nolako erronka duen ulertzeko historia garaikidea landuz ere, eta dantza edota gastronomia baztertu gabe. Izan ere, ekainaren 15ean Jai Handia antolatu dute, Euskal Herrian bizi diren argentinarrek prestatutako asado parrillada argentinar batekin, bertsolariak eta payadoreak (inprobisatzaile argentinarrak), han-hemengo dantzak uztartuz eta Bixi Bixi elkartearen ekitaldi nagusian Argentinako euskal etxeetako kideek zuzenean hitza hartuko dutelarik.
Antolatu dituzten hitzorduen artean, hainbat aditu bilduko dituzte. Maiatzaren 30ean hasteko, “Euskaldunak Ameriketan XIX. mendeko migrazioa eta gaur egungo diaspora” izeneko hitzaldia antolatu dute Pasai Donibaneko Kultur aretoan (Victor Hugo etxearen ondoan) 19:00tan, Oscar Alvarez historialaria eta Buenos Airesekoa den Julieta Gaztañaga antropologarekin. Hitzaldien haritik, ekainaren 4an, “Argentina XX. mendean: bidaia malkartsu baten kronika” izenekoa emango dute. Eta ekainaren 6an “Oroimena etorkizunez beteriko arma” hitzaldian Alberto Barandiaran idazlearekin eta H.I.J.O.S-en ahotsa den Martin Mozeren presentziarekin egingo dutenaren ondotik, gaur egungo Argentinaren egoera aztertuko dute ekainaren 10ean “Neoliberalismoa Argentina zigortzen” dokumental eta mahaingurua antolatu dute. Era berean, eta “Maputxeen aurkako sarraskiak” hitzaldia izango da ekainaren 13an, «jatorrizko herri honen historiaz eta euskaldunok ere kolonizatzaileak izan garela hausnartzeko», dio Xabier Alegriak.
Hitzaldi guztiak 19:00tan izango dira aipatutako Kultur Etxean. Eta lekua erreserbatu nahi duenak Antxeta Irratiak bi sarrera banatuko ditu entzuleen artean (jarri harremanetan erredakzioa@antxetairratia.eus helbidean). Hala ere, solasaldietaz aparte, beste zenbait kultur adierazpen ere programatuko dituzte Juanba Berasategi aretoan ere, Patxi Biskert zuzendariaren “Ombuaren Itzala” dokumentalaren bueltan. Xehetasun gehiago albiste honetan ezarri dugun programaren kartelean topatuko duzute.
Bixi Bixi elkarteko Xabier Alegriarekin mintzatu gara GORA HERRIAK jardunaldietaz ondoko elkarrizketan.