Bidasoko suhiltzaileek 817 interbentzio egin zituzten iaz, %6,5 gehiago

Antxeta Irratia 2024ko mai. 30a, 12:04

Suhiltzaile-etxeko Energia Jarduketa Planaren hobekuntza lanak amaituta, Eider Mendoza diputatu nagusiaren bisita jaso dute eskualdeko suhiltzaileek instalazioetan egindako berrikuntzak ezagutzeko. 2023an Irunen 219 sute itzali behar izan zituzten eta Hondarribian salbamendurako irteerek eman zuten lan gehien. 

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia Irungo suhiltzaile-etxean izan da, joan den urteko balantzea egin eta energia aurrezteko 2020az geroztik egindako inbertsioen emaitzak bertatik bertara ezagutzeko. «Emergentzia zerbitzuen kalitatearekin konpromiso osoa dugu, Bidasoaldean zein lurralde osoan», adierazi du Mendozak. Izan ere, Energia Jarduketa Plana bete duen lehen suhiltzaile-parkea da Irunen kokatutakoa.

1987an eraikitakoa da, eta eraginkortasun energetikoan hobekuntzak egitea beharrezkoa zen. Bestak beste, isolamendua birgaitu da, galdara-gela ere berritu da aerotermiarekin, eta LED argiak instalatu dituzte, presentzia eta argitasun detektagailuekin. Era berean, argindar ekoizpen fotoboltaikoko instalazio bat ere jarri dute.

Gipuzkoako suhiltzaile-etxerik handiena

Bidasoko bisitarekin lurralde osoko 8 suhiltzaile-etxeetara egindako erronda osatu dute foru ordezkariek. Eta Bidasoa parkearen kasuan, «dotazioari dagokionez eta Gipuzkoako handiena» dela azpimarratu du diputatu nagusiak. Eta herritar gehienei zerbitzua ematen diena dela argitu du. Izan ere, Irungo egoitzak garrantzi berezia du lurralde mailan, populazio aldetik biztanle gehien artatzen dituen parkea baita. Hain zuzen ere, 6 udalerriri (Irun, Errenteria, Hondarribia, Oiartzun, Pasai Donibane, Lezoko 135.473 herritarren erreferentziazkoa da. Eta 46 suhilatzailek osatzen dute lantaldea.

Eskualdeko suhiltzaile-parkeak eskaintzen dituen zerbitzuak ugariak dira. Hori adierazten dute 2023ko interbentzioen datu bilana. Gipuzkoan lan gehien izan duena da 817 irteerarekin. Horietatik 340 (%41,6) salbamendu lanekin lotutakoak izan diren bitartean, 219 sute itzali behar izan dituzte, eta laguntza teknikoa emateko beste 192. Biztanle kopuruak aintzat hartuta, logikoa den bezala, Irun izan da bere eremuko esku-hartze gehien eskatu dituen udalerria, baita Gipuzkoa mailan ere, Donostia salbu. Suhiltzaileek gaurko lan bileran egin duten laburpenaren arabera, 2023an 100 sute, 157 salbamendu interbentzio eta 111 laguntza teknikori erantzun behar izan diote Irunen. Orotara %6,5 gehiago. Hondarribiaren kasuan, aldiz, gehienak salbamendukoak izan direla nabarmendu dute.