Joan den martxoaren 7ko protestan iragarri zutenez, agintariek haien aldarrikapenei kasu egin ezean ekainaren lehenetik landa mobilizazioak azkartuko dituzte. Hitza eman eta bete dute: 24 ordu iraunen dituen mobilizazioari hasiera emanen diote astelehenean, goizeko 10:00etan, Biriatu-Pausu inguruan. Ipar Euskal Herriko laborariak autobidetik iritsiko dira ordainlekura, Hegoaldeko lurralde ezberdinetakoek berriz, Behobiako IAT inguruan egin dutelarik hitzordua, ondotik autobidera sartu eta denek bat egiteko. Astearte goizera arte izanen dira bertan protestan: Pirinio Atlantikoetako prefetak 24 orduren buruan ordainleku ingurua uzteko agindua eman die aitzitik.
Sindikatu eta elkarte nagusien siglarik gabekoa da deialdia momentuz. Modu autonomo eta independientean antolatu dira Bidasoaren alde bitako -baita haragoko ere- laborariak, eta ekainaren 9ko Europako hauteskundeen bezperan Bruselari eta espainiar zein frantses gobernuei ere presio emateko helburua dute, haien aldarrikapenei kasu egin diezaieten.
Egalim legearen klausulak aplikatzea eskatzen dute, baita Europaz kanpoko herrialde ekoizleekin nazioarteko merkataritza itunak bertan behera ere. Nekazariek ohartarazi dutenez, «hemen ekoizteko oso neurri eta arau zorrotzak ezartzen dizkigute, baina gero hori betetzen ez duten beste herrialde batzuetako produktuen inportazioak onartzen ditugu, gurekin lehia deslehiala eginez, eta horrela oso zaila da».
Gainera, energia eta erregaien prezioekin ekoizpenak nekez izan daitezke errentagarriak gaur egun. Hortaz, errepidez kanpoko gasolioaren gaineko zerga kentzea dute helburu. Gazteek dituzten nekazaritzan instalatzeko zailtasunak ere badira eskaeren artean, eta laborantxa lurren defentsaren aldeko aldarriak zabalak dira. Bestela ere, burokrazia handia bete behar dutela salatzen dute, «ekoizle txikiak gara, eta denbora gehiago ematen dugu paperak betetzen, baratzean edo ikuiluan baino», aitortu zuen martxoko mobilizazioan Amaia Segurola nekazari azpeitiarrak. Gazteek etxalde batean instalatzeko dituzten zailtasunak ere mahai gainean jarri nahi izan dituzte, lurrak lortzeko laguntzak eta jarduera berriak martxan jartzeko erraztasun gehiago beharrezkoak dituztela aldarrikatuz.
Martxoan 300 bat traktore bildu ziren Biriatuko mugan, eta azken hilabeteetan protestak lasaiturik ere, haien eskaerak aitzinatu ez direnez mahai gainean kolpe gogorragoa jotzeko asmoa dutela azaldu dute hainbat antolatzailek. Gaur gaurkoz, Ipar Euskal Herritik, Gipuzkoatik eta Nafarrotik zutabe bana iritsiko dira Biriatura. Gipuzkoako zutabean gainera, Arabatik bezperan iritsitako traktoreak izanen dira, eta espainiar estatuko bertze hainbat txokotatik autobusak ere antolatuak direla adierazi digu Nafarroko mugimenduan dabilen kide batek.
Autoaren erabilera saihesteko deia
Irungo Udalak “protestak irauten duen bitartean” herritarrei ibilgailu pribatuen erabilera mugatzeko deia helarazi die ohar bidez ostiralean. Modu berean, Eusko Jaurlaritzari eta Frantses poliziari galdegin die “konpromisoa har dezatela eta behar diren baliabideak presta ditzatela hiriak egun horretan egoera zailik jasan ez dezan”. Ertzaintzak, bere aldetik, gutun bat helarazi du, gidariei “bide alternatiboak” erabiltzea galdeginez, mobilizazioak iraunen duen bitartean Irun eta Hondarribian zirkulazio egoera zaila aurreikusten baitu Irungo komisaldegiak.
Protestaren antolatzaileek argitu dutenez, autobideko errail bakarra blokeatuko dute, kamioien joan-etorriak trabatuz baina norbanakoen autoen eta larrialdi zerbitzuen pasabidea garbi utziz. Haatik, Biriatuko ordainlekuan ohikoa denez, ezkerreko errailean zirkulazioa egonik ere kilometrotako auto-lerroak espero dituzte erakundeek.