Martxoaren 7ko traktoradan Euskal Herri osoko laborariek iragarri zuten bezala, agintariek haien aldarrikapenei kasu egin ezean ekainaren lehenetik landa mobilizazioak azkartuko dituzte. Hitza eman eta bete egin dute: 24 ordu iraungo duen mobilizazioari hasiera eman diote gaur goizeko 10:00etan, Biriatuko ordainlekua blokatuz, bihar goizeko 10:00ak arte. Iparraldeko zutabeak Biriatuta jo du zuzenean, eta Hego Euskal Herriko zutabe ezberdinak aldiz pixkanaka biltzen joan dira Behobiako Zaisa inguruetan.
Laborariek azaldu dutenez, "gaizki ulertua" izan dute poliziarekin, eta ondorioz, Hegoaldeko traktoreek zailtasunak izan dituzte autobidera sartzeko. Modu berean, mobilizazioaren lehen orduetan Gipuzkoatik Lapurdirako noranzkoan erabat itxia izan da autobidea. 12:00tan ireki dute errail bat, eta hasi dira autoak pixkanaka pasatzen. Protestaren antolatzaileek azaldu dute haien asmoa merkantzien trafikoa bakarrik trabatzea zela, eta Lapurditik Gipuzkoarako zentzua hastapenetik irekia mantendu da autoentzat.
Europako agintariak interpelatu dituzte Egalim legearen klausulak aplikatzea eskatzeko, baita Europaz kanpoko herrialde ekoizleekin nazioarteko merkataritza itunak bertan behera uztea ere, konkurrentzia desleiala suposatzen duelako. Nekazariek ohartarazi dute, «hemen ekoizteko oso neurri eta arau zorrotzak ezartzen dizkietela, eta burokrazia gehiegi» topatzen dutela. Era berean, mobilizazioan laborari gazte anitz bildu bada, nekazari gazteek ere zailtasunak dituztela azpimarratu dute, «laguntza gutxi eta oztopo gehiegi» dituztelako lurrak lortu eta instalatzeko.
Bestalde, energia eta gasoilaren prezio garestiegiek borobiltzen dute sektorea kinka larrian jartzen duen ekuazioa. Hortaz, norbere etxaldean kukutua dagoela pentsatzen dutenen aurrean, 24 orduko blokatzearekin gaur batasun irudia eman nahi dute. Igandean izanen diren Europako hauteskundeen bezperatan, martxotik aurreratu ez diren aldarriak berretsi dituzte. Eta aitzinapen berririk ezean, urri bukaeran, udako lan karga arindurik berriz ere mobilizatuko direla hitz eman dute gaur antolatzaileek.
Jakien inportazioari dagokionez, adibide argi bat eman du Paula laborariak: Zelanda Berritik haragi inportazioa baimentzen du frantses estatuak, bere hitzetan 1985an Greenpeacen Rainbow Warrior ontziari frantziar inteligentzia zerbitzuek egin zioten atentatuaren ondotik. Gatazka diplomatikoa saiheste aldera, inportazioa baimentzen duen akordioa sinatu zutela dio, eta geroztik Ozeaniako herrialdeko haragia prezio apalean iristen da hona: "Urruñako saltegi batean merkeagoa da Zelanda Berriko axuria Urruñakoa baino". Honek, gainera, kontsumitzailea ere arriskuan ematen du, kabalen elikadura eta pestizidio arauak ez baitira hain zorrotzak Europar Batasunetik kanpo.
100 traktoretik gora eta 400 bat laborari elkartu dira Biriatun, autobusetan etorri baitira dozenaka manifestari, Nafarroa eta Arabatik. 24 orduz egonen dira bertan, asteartean 10:00etan prentsaurrekoa ematekoa dutelarik antolatzaileek.