Erlaitzako esperimentazioa amaituta, errepidea berriz irekita

Antxeta Irratia 2024ko eka. 7a, 12:58

Hiru astez itxita egon ondoan, errepide-sarean ezinbesteko bidea dela frogatutzat eman du Hendaiako Herriko Etxeak. Egunero 9.000 autok erabiltzen duten heinean, Hondartza auzoko langile eta bizilagunengan eragin handia izan du maiatzaren 21az geroztik egindako itxierak. Gainera, auzoko komertzioen diru-sarrerak %30 apaldu dira.

Maiatzaren 21ean itxi zuten Hendaia-Ziburu arteko D912 Erlaitzako (Corniche) errepidea, honek gainerako errepide-sarean duen inpaktua neurtzeko. 2021ean egindako azterketen arabera, egunero 9.000 ibilgailuk erabiltzen dute kostaldeko bidea, eta udako sasoian 16.000koa da batez bestekoa. Hiru asteotako itxierak baieztatu egin ditu xifra hauek, eta Hendaiako Herriko Etxeak «ezinbesteko bide estrategikoa» dela azpimarratu du.

Hortaz, itsasbazterreko higaduraren ondorioz 2020az geroztik eman diren arazoaen aurrean, errepidea itxi ala moldatzeko agintariek mahaigaineratu dituzten aukerak lehenbailehen argitu, eta errepide hau erabiltzen jarraitzeko alternatiba lotu nahi du herriko etxeak. Kotte Ecenarro auzapezak adierazi duenez, D912 errepidearen zenbait gunetan egokitzapenak egin eta trazadura barrenerago egitea da bideragarriena. Pirinio Atlantikoetako Departamenduan 80 milioi euroko kostua izango lukeen aurreproiektu bat ere aztertu dute horretarako.

Esperimentazioaren ondorioak

Zentzu honetan, hiru asteko esperimentazio froga honetan herriko agintariek zirkulazio alternatibo bakarra den Pausu-Urruña-Kechiloa D810 errepide nagusian auto lerroak eragin dituela ondorioztatu dute. Baina Hendaian bestelako gorabeherak ere sorrarazi ditu. Herriko eragileekin egindako lehen bilan baten arabera, Hondartza auzoko komertzioetako eta ostatuetako diru-sartzeak %30 apaldu dira maiatzaren 21etik ekainaren 6 artean. Eta Hopital Marineko 650 langileek euren lan ordutegiak aldatu egin behar izan dituzte trafikoari egkitu ahal izateko. Era berean, herriko etxeak oharrak jasotzeko aktibatu duen routedelacorniche@hendaye.com helbidean 200 bat herritarren mezu jaso dituzte Erlaitzako bidea irekita mantentzeko eskatuz.

Urruñako herriko etxeak esperimentazio honen datu guztiak aztertu ondoren eginen du balorazio sakonago bat. Hendaiako, aldiz, lehen bilana egin eta dagoeneko iragarri du Erlaitzako bideak hunkitzen dituen eragile ekonomikoekin eta Erlaitzako Bizilagunen Defentsarako Elkartearekin topaketak antolatuko dituela datuak aztertzeko. Eta herritar, enpresa eta elkarteekin comité de pilotage batzorde bat osatuko dutela, denen iritzia konatuan hartua izan dadin.