Europako Parlamenturako bozka gehien Alderdi Sozialistak lortu ditu Hego Euskal Herrian: 300.082. PSOE lehen indarra izan da Araban, Bizkaian eta Nafarroan. Bigarren indarra EH Bildu izan da, 276.692 botorekin, eta lehendabiziko aldiz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJren aurretik geratzeaz gain, gipuzkoarren lehen hautu politikoa bilakatu da. Horrela, EH Bilduren azken hauteskunde zikloaren goranzko joera berretsi egin da, baita jeltzaleen beherakada ere. EAJ barnean zuen CEUS koalizioa hirugarren indarra izan baita, 202.778 botorekin.
Bidasoa eskualdeko emaitzek hautesleen bozka dinamika hori baieztatu egin dute. Izan ere, Irun-Hondarribian abstentzioa 15 puntu emendatu bada ere, 2019ko bozka kopurua mantendu duen alderdi bakarra EH Bildu izan da, orotara 4 bozka galduta, eta portzentualki nabarmen gora eginez. EAJk, aldiz, bozken erdia galdu du bi herrietan. Eta PSOE Irunen nagusi izaten jarraitzen du bozka kopuru nabarmena galdu duen arren, eta Hondarribian gorakada handia lortuta. Aldiz, eskuinak eta eskuin muturrak bere emaitzak ia bikoiztu egin dituzte Irun-Hondarribian, oraindik ere testimonialak izan arren.
Irun-Hondarribiko dinamika aldakorra
Hala, gure eskualdean, herriz-herriko emaitzak aztertuz gero, Hondarribian, parte hartzea %50ekoa izan da, 2019an baino ia 15 puntu apalagoa. Eta EAJ lehen indarra izan bada ere, %29arekin, 2.006 bozka lortu ditu. Duela bost urterekin alderatuta, 1.665 bozka galdu ditu orotara. Bigarren indarra Orain Errepublikak izan da 1.831 bozkarekin, %27a eta abstentzioa nabarmen emendatu bada ere, 91 bozka gehiago lortu ditu EH Bilduk Hondarribian. Igoera handia lortu du PSOEk ere, 1.512 bozkarekin, %22a, eta 2019an baino 333 botu gehiago. Hondarribian laugarren indarra PP izan da, 596 bozkarekin emaitzak ia bikoiztuz, eta Sumar eta Podemosen artean ez dira 2019ko leinu politiko horrek lortutako emaitzen erdia batzeko gai izan. VOX testimoniala da Hondarribian, baina 2019ko 82 bozketatik 142ra pasa da, abstentzioak 15 puntu gora eginda ere.
Baina Hondarribian EAJren beherakadak indar korrelazioan aldaketarik eragin ez duen bitartean, %45eko parte hartze apala izan duen Irungo hirian baieztatu da Gipuzkoan eta EAEn jeltzaleek pairatu duten gainbehera Europar hauteskundeei begira. Izan ere, PSOE lehen indarra bada ere, 7.467 bozkarekin %35a, 1.236 galdu ditu. Eta aurrekoetan bigarren indarra zen EAJ hirugarrena izatera pasa da. 2019an Irunen lortutako 6.900 bozketatik 3.365era murriztu du bere babesa. EH Bildu, anartean, abstentzio handiari eutsi egin dio eraginik gabe, eta ezker abertzaleak 3.521 bozka eskuratu ditu (%16,60), 2019an baino lau puntu gehiago, 95 bozka galduta.
Irungo laugarren indarra PP izan da, eta bosgarrena VOX. Eskuinen gorakada esanguratsua da, bestelako ondoriorik gabe. Alderdi Popularrak 2.924 bozka eskuratu ditu, ia %14a duela bost urteko 1.861 bozken aldean. Eta 2019ko 530 bozken emaitza ia bikoiztu egin du bere partetik VOXek, 999 botu ditu Irunen eskuin muturrak.
Ipar Euskal Herria eskuin muturrera begira
Ipar Euskal Herrian eta Pirinio Atlantikoetako departamenduak eskuin muturra izan da lehen indarra. Abstentzioa handia izan da orohar, eta Hego Lapurdiko Bidasoaldeko udalerrietan nekez gainditu dute %50eko parte hartzearen langa. Emaitzei dagokienez, Pirinio Atlantikoetako departamenduaren hari beretik, Batasun Nazionala gailendu da. Le Pen nagusitu da Iparraldeko 92 herritan. Horien artean, Baiona, Angelu, Senpere, Uztaritze, Kanbo, Hazparne edo Urruñan. Eta historikoki sozialisten herri gottorrak izan diren Donibane Lohitzune edo Hendaian ere eskuin muturra izan da lehen indarra.
Hendaian parte hartzea %49koa izan da, eta 1.037 bozkarekin eta %21,87arekin lehen indarra izan da Batasun Nazionala. PS Plaza Publikoak 918 bozkarekin %19,36a egin duen bitartean. Hirugarren indarra, Besoin d’Europe (Renaissance) makronista izan da 696 bozka eta ororen %14,68arekin. Laugarren indarra, aldiz, Frantzia Insumisoa, 472 bozekin.
Urruñan ere eskuin muturra atera da garaile. 991 bozka eskuratu ditu Renaissance makronisten 623 bozken aldean. PS Plaza Publikoa izan da hirugarren indarra. Sozialistek 612 bozka erdietsi dituzte Urruñan. Laugarren indarra izan den Landa Aliantza oso urrun geratu da, 386 bozkarekin eta 279 bozka dituzte Errepublikanoek. Maila berean (272 bozka) Europa Ekologia, (251 bozka) Frantzia Harroa, (236) Frantzia Insumisoa.
Biriatuk ez du argazkia aldatu. Hautesle erroldan bozka eskubidea zuten 854 biriatuarretatik 436 etxean geratu diren bitartean, bozkatu dutenen bostetik batek eskuin muturraren alde egin dute. Orotara 94 bozka. PS Plaza Publikoa (70 bozka), Landa Aliantza (55 bozka) eta Macronen Renaissance 51 bozkarekin jarraitu diote. Eta ondoren Europa Ekologia eta Frantzia Intsumisoa.
Ipar Euskal Herrian, orotara, 29.516 boto lortu ditu Batasun Nazionalak Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen Rennaissance alderdia bigarren izan da 22.182 botorekin, eta sozialistak PS-Place Publique zerrendak 21.498 boto bildu ditu.
Antieuropeista eta ultra eskuindarren gorakadaren aurrean, Emmanuele Macronek herritarren mezua jaso duela esan eta Asanblada Nazionala desegin zuen atzo bertan hauteskunde legegileak ekainaren 30ean deituz. Bigarren itzulia uztailaren 7an izango da.