Naturaren esploratzaile izateko 'Txingudiko Udalekuak' antolatu ditu Plaiaundiko Ekoetxeak hirugarren urtez

Koldo Nausia 2024ko eka. 17a, 10:03

Ekoetxea Txingudik haurren «kontzientzia ekologikoa» elikatzeko aparteko udalekuak antolatu ditu uztaila eta abuztuan, Txingudiko 7 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Goizeko 9:30etik 13:30era, parte hartzaileek «esploratzaile, babesle eta ekintzaileen rolak» hartzeko hiru asteko plangintza jarraia proposatzen dute, baina aste bakarra ere aukeratu daiteke.  

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren kide eta  Ihobe Ingurumen Jarduketako Soziaetate Publikoak kudeatzen duen Plaiaundi Parke Ekologikoan garatzen dituzte udalekuak osoki. Hegazti migratzaileen babesleku aparta eta nazioartean balio naturalistiko aipagarria duen eremua leku aproposa baita antolatzaileen ustetan, haurrei aire zabalean udaleku alternatiboa eskaintzeko. Eva Montoya, Ekoetxea Txingudiko koordinatzaileak aitortu digu, hainbat direla eskualdean kirol eta kultur elkarteek antolatzen dituzten udaleku irekietan Plaiaundiko Parke Ekologikora bisitak antolatzen dituztenak euren jarduera eskaintzaren barruan. «Besteentzat beti interesgarria den bisita, guk ditugun ezagutza eta baliabideekin udaleku gisa antolatzeko aukera interesgarria iruditu zitzaigun», dio Montoyak.

Horrela 2022ko udan hasi ziren eskaintza hau dohainik proposatzen. Izan ere, Txingudiko padurek klima aldaketaren aurkako borrokan duten garrantzia urte osoan zehar gizarteratzeko urtean zehar haur, gazte eta familiei zuzendutako ingurumen hezkuntza programa udan borobiltzeko helburua ere badute udaleku hauek, edo honi segida ematekoa. 

Haurrek Plaiaundiko Parke Ekologikoa esploratu eta sakonki aztertzeko aukera izango dute.

Aurten 20 euroko «prezio sinbolikoa» kobratuko dute asteka www.ekoetxea.eus atarian izena ematerakoan. Bertan topa daitezke uztaila eta abuztuko txanda bakoitzeko datak eta xehetasun guztiak. 

Naturaren zaindari eta ekintzaileak sortzen

Eskaintza paregabea delakoan dago Eva Montoya. Aurreko bi urteetan jasotako arrakasta ikusita, aurtengo formatoa ere hiru asteko txanda osatzeko pentsatua dago. Halere, aste bakarrean parte hartu daitekeela argitu dute. Baina parte hartzaileek esploratzaile, babesle eta ekintzaileen rolak hartuko dituzten hiru asteko plangintza jarraia proposatzen du Ekoetxea Txingudik. Koordinatzaileak azaldu duenez, astero lantzen dituzten gaiak eta egingo dituzten tailerrak desberdinak izango baitira. «Gure ekintza guztietan bezala nahi duguna da beraiek ezagutzea zer dugun hemen Plaiaundin, gero altxor hori babesteko zer egin dezaketen, eta kontzientzia ekologikoa piztu ondoren ekintzaile bilakatzeko ekimen zehatzak», argitu du.

Iragarri duenez, bertako fauna nagusia edo deigarriena hegaztiak badira ere, Plaiaundiko ekosistemaren beste elementuak ere ezagutzeko aukera izango dute haurrek udalekuetan; intsektuak, narrastiak, ugaztunak edota bertako paduraren landaredia ere.