Eskualdea goitik begiratuta grabatu dute zehaztasun handiz droien laguntzarekin

Koldo Nausia 2024ko eka. 18a, 11:28

Turismo erreklamu baliabide igsa ez ezik, hirigintzan edota ondare historikoaren kudeaketarako erabili ahal izango diren Irun eta Hondarribiko bideoak grabatu ditu Bidasoa Bizirik erakundeak, droien laguntzaz. Goitik begiratuta, gure eskualdeko natura eta ondare historiko-arkitektonikoa ez ohiko ikuspuntu batetik gozatu eta aztertzeko aukera emango duen baliabidea da. 

Bidasoa Bizirik garapen agentziak eskualdea goitik begiratu eta, droien laguntzari esker, Irun eta Hondarribia hegaztien ikuspegitik bideoz grabatu ditu. Eskualdeko natura eta ondare historiko eta arkitektonikoaren aniztasuna eta aberastasuna erakusteko helburua izan dute proiektu honekin. Eta ekimen honi esker herri bakoitzeko bideo bana, eta Irun-Hondarribiko amankomuna den beste bat plazaratu berri dute sare sozialetan. Baina eskualdea arloka eta ikuspegi desberdinetatik ikusteko irudiak bildu dituztenez, hala Bidasoa Bizirik erakundeak, nola Irungo eta Hondarribiko Udalek ere aurrerantzean erabiltzeko baliabidea izango da bildutako materiala.

Bidasoa Bizirikeko Turismo departamenduak sustatutako ekimena izan da. Eta paisaia ikusgarriak eskaintzen dituzten bideoak izanik, esan gabe doa Txingudi-Bidasoko irudi turistikoaren proiekzioa lantzeko eta bisitariak erakartzeko erreklamu gisa erabiliko dutela. Zentzu honetan, bideoak Bidasoa Bizirikeko sare sozialen eta hainbat ekitaldi turistikoren bidez zabalduko direla iragarri dute. Halere, Estitxu Urtizbereak, Hondarribiko alkateorde eta Bidasoa Bizirikeko presidenteordeak argi du horretarako baino gehiagorako balio izango duela. «Turismoaren ikuspegitik aukera emango die bisitariei gure ondare naturala zein den ikusteko, eta guregana errespetuz eta hau zaindu beharra dutela ikus dezaten, baina bideo hauek aukera emango digute aldi berean, hirigintzan edo ondare historikoaren kudeaketan lantzeko ere, ez ohiko ikuspegi batetik», argitu du Urtizbereak. 

Bideotan Aiako Harria, Jaizkibel edota Txingudiko Padurak grabatu dituzte. Baita ondareari lotutako Hondarribiko Alde Zaharra eta Portua, Irungo San Martzial, Irugurutzetako labeak edo Gaztelu Zahar ere. Hirigunea eta zenbait plaza esanguratsu ere ikus daitezke txorien ikuspuntutik. Agintariek aurkezpenean aditzera eman zuten bezala, azaldu baino, hobe da bideoak ikusi eta gozatzea.