Alardeen gatazka jaietan berdintasuna sustatzeko gidatik kanpo utzi du Foru Aldundiak

Antxeta Irratia 2024ko eka. 19a, 09:29

Herrietako jaietan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko gida bat sortu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, uda honi begirako kanpaina baten baitan. Gipuzkoako 89 tokiko erakundeei helaraziko die, eta bertan bost konpromiso hartzera gonbidatzen ditu, berdintasuna eta emakumeen partaidetza sustatzeko. Aldiz, Irungo eta Hondarribiko alardeak ez dituzte aintzat hartu gida horretan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 'Gure jaiak berdintasunean' kanpaina aurkeztu zuen atzo Donostian, udako jaietan emakumeen parte hartzea sustatzeko helburuarekin, eta besteak beste, emakumeen eta gizonen rolak aztertu eta berdintasunaren alde lan egiten duten eragileekin lankidetza sustatzeko konpromisoa eskatu die udalei. Baina alardeak kanpainatik kanpo utzi dituzte.

Gipuzkoako udal guztiei helaraziko die, herrietako jaietan «emakumeen parte hartzea sustatzen jarraitzeko». Hala ere, Irungo eta Hondarribiko alardeak aipatu ere ez ditu egin kanpainak. Ikuspegi orokor bat dauka gidak, eta Irungo eta Hondarribiko kasuak ez dituzte berariaz landu. Dena den, erakundeek hartu beharreko konpromisoetako bat hau da: «Emakumeen partaidetza sustatuko duten antolakuntza bultzatuko da».

Iaz keinuen urtea izan zen bi herrietan, mende laurdeneko gatazka bere horretan mantendu ondoren, Jose Antonio Santano alkateak Irungo alarde parekideari harrera egin zion udaletxeko balkoian aurreneko aldiz. Eta Hondarribian ere, Jaizkibel konpainia aintzat hartu zuen Igor Enparan alkate berriak, Abotsanitz udal gobernua osatu eta bi hilabetera. Gauza bera egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eider Mendoza ahaldun nagusiak iazko irailean Batzar Nagusietan esan zuen prest dagoela «konponbide bat» lortzen laguntzeko, baina ez zuen esan «parekidea» izan behar duenik alardeak, ezta «publikoa» izan behar duenik ere.

Aldundiak orain aurkeztu duen gidak bost konpromiso hartzera gonbidatzen ditu udalak eta bere burua. Horietako bat «aukera berdintasuna bermatzea» izanik. «Emakumeen partaidetza sustatzeko lanean, erakundeek berdintasunaren alde lan egiten duten eragileekin lankidetza sustatu, gogoeta prozesuak ahalbidetu eta emakumeen eta gizonen jaietako rolak aztertu eta horiek eraldatzeko neurriak proposatzeko konpromisoa hartzen da», esan du aldundiak ohar baten bidez. Aldiz, alardeen afera kanpaina hontatik kanpo utzi du. Kontuan hartuta, Foru Aldundiko Bizikidetza Zuzendaritzak segitzen duela alardeen gaia kudeatzen, eta ez Jaizkibel konpainiak hamaika alditan galdegin duen bezala, Berdintasun Zuzendaritzak.