Uda hasi berri dugu eta besta giroa ere nabaria da Lesakan. Horren harira eta Sanferminak hasteko pare bat aste gelditzen diren honetan, hainbat ekitaldi desberdin izanen dituzte herrian hurrengo bi asteburuetan. Hasteko, gaur (ekainaren 21ean), Lanartea elkarteak aurkezpen ekitaldia eginen du Beheko Plazan 19:30ean. Iñurria-Ttirrittaka izenburupean, euren lana erakutsiko dute Lesakan. Biharamunean, Tantirumairu Ikastolak 50. urteurrenaren hirugarren eta azken besta ospatuko du, “Bortz Aldiz Hamar!” goiburupean. Egun osoko egitaraua prestatu dute, ikasturte bukaeraren harira, haurren emanaldia eta “gehiago dugu errateko” ekitaldia, txotx musikatua, bazkaria eta Andoni Ollokiegiren kontzertuarekin.
San Joan bezpera edo Udako Solstizioa ere ospatuko dute Bortzirietako herri honetan. 12:00etan, lehenbizi, Lesakako Udal Musika Bandak Sanferminen aitzineko ohiko kontzertua eskainiko du Zialdoko aparkalekuan hasiera batean, eta euria eginez gero, frontoian. Bertan, herriko kultur eragile ia gehienek hartuko dute parte (txistulari taldeak, bertso eskolakoek, dantzariek, abesbatzak, etab.) eta hortik dator ere emanaldiaren izenburua: “Sorginxuloko oihartzunak”. Hain zuzen ere, Lesakako kultur eragileen bilgunearen izenari keinu eginez, Sorginxulo.
Horren ondotik, arratsaldez, 19:00etatik aitzinera, Udako Solstizioaren besta eginen dute. Hau ere Plaza Zaharrean izanen da, baina euria eginez gero, bertze kokapen bat bilatuko diote. Egitaraua Bortzirietako Bertso Eskolako eta Lesakako Triki-pandero joleen emanaldiarekin hasiko da. Gero, adierazpena irakurriko dute eta tobera soinuen laguntzarekin sua piztuko dute Tantirumairu Ikastolako ordezkariek euren 50. urteurrenari aitortza eginez. Ezpatadantzariek ere uztailaren 7ko dantzen entsegua eginen dute suaren inguruan eta herri afaria izanen da ondotik, autogestionatua edota jarriko duten ostatuan erosita, eta bukatzeko, Bizphairu Pelau taldeak musikaz alaituko du arratsa.
Hurrengo asteari begira ere, hainbat ekitaldi izanen dituzte Lesakan. Astelehenean, San Joan egunean, San Juan Xarrera irteera antolatu du San Fermin Erretiratuen Elkarteak. Horrez gain, asteazkenean (ekainaren 26an), Naizen elkarteak haur eta nerabeen transexualitatearen inguruko solasaldia emanen du, 18:00etan Udal Pleno Aretoan. Ortziralean, ekainaren 28an, Liburutegian Izaskun Mujikak haurrentzako tailerra eskainiko du 11:00etan. 5-8 urte bitarteko haurrentzat egonen da zuzendua, eta Bakea eta Bizikidetza Lantzen duten Liburutegiak programaren barrenean kokatzen den hitzordua izanen da.
Asteburuan aldiz, kirola izanen da protagonista eta Beti Gazte elkarteak antolatutako bi hitzordu izanen dituzte Lesakan. Larunbatean, ekainaren 29an, 11:00etatik aitzinera, V. Zubigaineko Kros Herrikoia ospatuko dute eta biharamunean, ekainaren 30ean, hildako mendizaleen oroimenez Agiñara eginen dute mendi irteera.