Udako trafiko operazioaren buruhausteak koordinatzeko dispositiboa prestatzen hasi dira

Antxeta Irratia 2024ko eka. 21a, 10:22

Iaz hartutako neurriak eta elkarlanean koordinatutako dispositiboak emaitza onak eman zituenez, uda honetan Bidasoaldean auto-pilaketak sahiesteko estrategia errepikatuko eta indartuko dute. Irungo Oinaurreko AP8 sarbidea itxiko dute, pasoan den trafikoak Irungo erdigunea zeharkatzea sahiesteko. Bestalde, Ertzaintzaren eta Irun zein Hondarribiko udaltzainen arteko lankidetza indartuko dute. 

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irun zein Hondarribiko udalek Bidasoaldeko koordinazio mahaiaren lehen bilera egin dute udako trafiko dispositiboa antolatzeko. Iaz koordinazio mahaiak martxan jarritako neurriek emaitza onak lortu ondoren, inplikatutako erakundeek dispositiboari eutsiko diote, auto-lerroak eta blokeo puntualak saihesteko, eta irteera zein itzulera operazioei begira neurri berriak aztertzen ari dira. Bilera honetan aldundiko eta jaurlaritzako ordezkariez gain, Irun eta Hondarribiko alkateek ere parte hartu dute, Cristina Laborda eta Igor Enparan hurrenez hurren. 

2021 eta 2022 urteetan Biriatuko autobidearen ordainlekurako bidean, autobidetik atera eta Irungo erdigunea zeharkatu zuten milaka ibilgailuek Bidasoaldeko errepide-sarea erabat blokatu zuen. Beraz, eskualdeak bizi izan zituen arazoen ondorioz joan den urtean dispositiboa elkarlanean antolatzea erabaki zuten, hainbat neurri hartuz eta baliabide gehiago jarriaz. Euskadiko Trafiko Zuzendaritzak Portugalera eta Afrika Iparraldera doan nazioarteko trafikoaren fluxua 1.850.000 ibilgailukoa aurreikusten baitzuen, eta gehiengo batek Biriatuko ordainlekua zeharkatzen du. Irteera-Itzulera Operazio bakoitzeko asteburuetan, Irungo ordainlekutik gutxienez 150.800 eta gehienez ere 221.000 ibilgailu inguru pasa izan dira azken urteetan batez bestean. 

Hortaz, iazko emaitzak ondo baloratuta, aurten ere, Ertzaintza eta Irun zein Hondarribiko udaltzaingoen arteko lankidetzaz gain, iaz bezala, Irungo Oinaurreko AP8 autobidearen sarbidea itxiko dute, hiriko zirkulazioa ez blokeatzeko. Maria Ubarretxena, Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez, joan den udan ibilgailuen fluxuen datuek argi erakutsi dute neurri eraginkorra izan zerla. Izan ere, iazko udan trafikoak ez zuen hainbeste Irun erdigunetik zeharkatu. Abuztuan, adibidez, 2022an baino 24.000 ibilgailu gutxiago sartu ziren hirigunetik.

Aste honetan udako trafiko pilaketei begira berrekin dio koordinazio mahaiak. Aldundiak prest ditu bere baliabideak, bai materialak, bai pertsonalak, eta aurten ere baliabideak handituko ditu. Halere, «operazioaren arrakastaren gakoetako bat inplikatutako erakundeen arteko lankidetza izan da», gaineratu du diputatuak.

Bestalde, Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak berretsi du Jaurlaritza lanean jarraitzeko prest dagoela, trafikoaren kudeaketan inplikatutako gainerako erakunde eta eragileekin koordinatuta. Olabarrik argitu duenez, «erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa da udako Irteera-Itzulera Operazio Bereziak dakarren erronkari aurre egiteko. Bereziki Biriatuko ordainlekutik eta Bidasoaldea eskualdetik igarotzean.