Prozesu partehartzaile batetik eratorritako proiektua da honakoa, non Iparraldeko elkarte feminista desberdinak biltzen dituen Egiazko Berdintasunaren Alde (EBA) kolektiboak, Hendaian, Baionan eta Donazaharren bilera bana antolatu duten tokiko agintariekin lankidetzan, iritzi eta ekarpenak jasotzeko. Hendaiako bilera irekia martxoaren 24an egin zuten Bagera elkarteak koordinatuta, eta bertan iaz ateak zabaldu dituen Irungo Emakumeen Etxeko Aintzane Ugalde eta Bordaleko Emazteen Etxeko Lydie Delmasek parte hartu zuten, beste esperientzia batzuk partekatu ahal izateko.
Aurretik ere inkesta bat egin zuen EBA kolaktiboak 2023an, eta 192 emakumeen erantzuna jaso zuten Ipar Euskal Herri osoan. Haietatik %98,4ak emazteen etxea «beharrezkoa, erabilgarria, interesgarria eta aberasgarria» zela adierazi zuten. Era berean, 124 pertsona aurkeztu ziren etorkizuneko egituran boluntario gisa laguntzeko.
EBA kolektibotik azpimarratu dutenez, Urruñako proiektua abiapuntua besterik ez da, baina Helene Larralde, EBA kolektiboko kideak aipatu digun bezala, denek adostu dituzte bete eta asebeharreko minimoak zeintzuk diren. Bilkura publikoetan agerian geratu da, dena den, Ipar Euskal Herriko kostaldeko eta barnekaldeko emakume eta mugimendu feministen beharren artean desoreka bat dagoela, eta aurreneko Emazteen Etxea Urruñan instalatuko badute, beste bat edo batzuk beharrezkoak izango direla Iparralde mailan.