Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022an sortu zuten Bidasoaz bi aldeetako elkarteek eta eragileek proposatutako mugazgaindiko proiektuak diruztatzeko IDEIAK deialdia. Aurreneko bi edizioetan 300.000 euro bideratu zituzten erdibana, baina 2024ko deialdia Foru Aldundiak besterik ez du diruztatu, eta 150.000 euro bideratuko dira orotara. Horren ondorioz, 18 urtez gorako gipuzkoarrek baizik ezingo dute bozkatu uztailaren 9a arte zabalik dagoen prozesuan.
Proiektuetako bat, Labore Txingudi, HendaiaKoop elkartea eta Maia Permaculture erakundeek aurkeztu dute. Elkarlana lehenago hasi zuten arlo honetan Labore Txingudik eta HendaiaKoopek 2022an bertan, gerora eskolaz-eskola aurkeztu eta Irun, Hendaia eta Hondarribian ikusgai egon zen “Bidasoa-Txingudiko Elikagaiak“ erakusketa pedagogiko batekin. Bidasoa bailaran eskura ditugun agroekologia proiektu eta ekoizleen mapa edo karta osatu eta gero, 2023an Maia Permaculture batu zitzaien, “Bidasoaldeko elikadura burujabetza pausoz pauso” egitasmoa aurrera eramateko. Hirugarren proiektu hau, aldiz, Bidasoa Txingudiko elikadura burujabetzan sakontzen jarraitzeko helburua du. DBHko ikastetxe eta Kolegioekin batera garatu nahi dute “GazteakON: Elikadura Erronka” izenekoa.
Proiektuaren eramaile eta Labore Txingudiko kide Oihana Galardik azaldu digunez, behar bat identifikatuta eman nahi izan diote jarraipena elkarlanari. «Iazko proiektua maila teorikoago batean garatu genuen, parte hartzea sustatuz noski! Baina aurten proposatzen dugunak dinamika erabat aldatzen du, elikadura burujabetzaren gaiaz sentsibilizatzeko helburua du, baina DBHko ikasleak bilakatzen ditu protagonista», azpimarratu du Galardik. Bere ustez, «gazteek badute zer esan, eta maiz badira gai besteak sentsibilizatzeko ere».
Maia Permacultureko Mayi Lekuonak argitu duenez, eskoletan ikasleekin izan dituzten saioetan ohartu dira «gazteek ideia asko dituztela eta gai direla ekarpenak egiteko». Aldiz, elikaduraren arloan helduek eta erakunde publikoek egindako kanpaina eta kontzientziazio ekimenak jaso ohi dituzte besterik ez, gazteak sentsibilizatzeko xedez. «Sentsibilizatu behar zarete esaten diegu gazteei, eta zama haien bizkar gainean jartzen dugu beti, baina horri buelta eman nahi izan diogu, eta ikastetxeetan gaia landuta, honi buruz zertan ari diren azaltzeko eta haien mezua plazaratzeko bideoak egin ditzatela bilatzen dugu, horrek eragingo duelakoan», dio Oihana Galardik.
Izan ere, gaur egun ikasleek Eskola Agenda 2030 plangintzaren baitan jorratu ohi dute elikadura burujabetza eta KM0 produktuen gaia. Baina lanketa hori azalekoa dela diote. «Kontsumo eta ekoizpen jasangarria lantzen dute, baina oso albotik. Eusko Jaurlaritzara jotzen baduzu, ez dute estrategia sendo bat garatzen, ekintza puntualak besterik ez dira egiten», kexu da Labore Txingudiko kidea. Eta aukerak anitzak izan daitezke. Mayi Lekuonak dio elikadura burujabetzak lanketa egiteko aukera asko ematen dituela: «Elikadura burujabetzak erpin asko ditu, elikadura jasangarriaz ari gara, ekoizpen hurbilekoa, ekologikoa, baina bada ere lurraren zaintza, uraren kudeaketa, justizia soziala…».
Hortaz, uztailaren 9an bozka epea amaituko denean proiektu irabazleetako bat baldin bada, bat egingo duten ikastetxeetan proiektu pedagogiko oso bat garatu beharko dute gaia lantzeko. Dagoeneko ikastetxe zenbaitzuk interesa agertu dutela iragarri dute. Gaia berebiziko garrantzia duenez, pil-pilean dagoelako.
Hau posible egiteko, ikas komunitateak inplikatu nahi dituzte. Izan ere, IDEIAK 2024 deialdian DBHko ikasleek ezingo dute bozkatu, baina proiektuak ahaldunduko lituzke. Aldiz, 18 urtez gorako guraso, irakasle eta senideek bozka dezaten animatu nahi dituzte.