Legebiltzarreko bozak

Peio Dufau 6. bozka eremuko diputatu izanen da, historiako lehen ezkertiar abertzalea

Aimar Lopez 2024ko uzt. 8a, 10:35

Ipar Euskal Herriko hautesbarruti guzietan irabazi du ezkerreko Fronte Herritarrak, eskuin muturra gibeletik izan dutelarik. Frantses estatu mailan, espero baina emaitza hobea izan du ezkerrak eta gehiengo osorik ez du nehork erdietsi.

Fronte Herritarrak irabazi ditu hauteskunde legegileak Pirinio Atlantikoetako 6. hautesbarrutian, Peio Dufau izanen delarik diputatu heldu diren urteetan. Bozen %36,28 bildurik, 27 117 bozekin, historiako lehen diputatu ezkertiar abertzalea izanen da. Haren gibeletik, Christian Devèze Kanboko auzapez eta hautagai makronista, 714 bozka gutiagorekin bigarren kausitu da, hirugarren haatik Victor Lastécouerès eskuin muturreko hautagaia, bozen %28,39rekin.

Bigarren itzulian %72,15eko parte hartzea izan zen Hego Lapurdiko bozka eremuan, lehen itzulian baina puntu eta erdi goragoa. Dufauk 5468 bozka gehiago bildu ditu lehen itzuliarekin konparatuz; aipagarria da EAJko hautagai Jean Telletxeak Fronte Herritarra bozkatzeko deia egin zuela, eta honek 3712 bozka batu zituela joan den igandean.

Eskuineko bi hautagaiei dagokionez, 26 403 boz batu ditu Christian Devèze makronistak, astebete lehenago baina 6600 gehiago. Eskuin muturreko Victor Lastécouèresek berriz, 21 222 bozka, 2613 gehiago. Bi itzulien artean beraz, Devèzek egin du igoerarik handiena, baina 714 bozka eskas izan zaizkio diputatu postua bereganatzeko.

Ziburun egin zuen Fronte Herritarrak ekitaldia, eta dozenaka militanteren aitzinean mintzatu ziren arratseko 21:00ak eskas zirela Peio Dufau eta Marie Heguy-Urain ordezkoa. Emozioz beterik, “ardura erraldoia” sentitzen zuela aitortu zuen diputatuak, “Euskal Herriaren ahotsa Parisera eramatea” izanen baitu lan heldu diren urteetan. Hala, “hizkuntza eta kultura defendatuko” dituela zin egin zien parean zituenei, lehen diputatu ezkertiar abertzale gisa.

"Ez noa bakarrik Parisera"

Dufau ez da bakarrik izanen Pariseko asanblean, Ipar Euskal Herriko beste bi hautesbarrutietatik ere Fronte Herritarreko diputatu ezkertiarrak joanen baitira. 5. bozka eremuan Colette Capdevielle sozialista izan da hautatua bozen %62,24rekin, eta 4.ean Iñaki Etxaniz, %47,92rekin.

Hiru hautetsiek Euskal Herriaren aitortza instituzionalaren alde eta bertako “langile, herritar, enpresa, laborari eta denen eskubideen alde” lan eginen dutela aitortu zuen Dufauk Euskal Irratietan garaipenaren berri izan eta segidan.

Astelehen honetan Goiz Berriko gomita izan ditugu Peio Dufau eta Marie Heguy, Pariseko bidea hartzekotan, eta garaipenaren harrotasunean berresteaz gain, eskuin muturraren igoeraz ere galdegin diegu. Heldu diren urteetan, diputatu gisa ezkerreko politika eraldatzaileak egitera engaiatu da Dufau, "herritarrei erakusteko eskuin muturra ez dela bidea".

 

Berriarekin elkarlanean, jarraian den infografia interaktiboaren bidez hauteskunde hauetako herriz herriko emaitzak ikusten ahal dituzue, baita hautesbarrutietako eta estatukoak ere.