Rich Peppiatt zuzendariaren lehen fikziozko luzemetraia da Kneecap (2024). Irlandako rapa ezagutzen dutenei ezaguna eginen zaie izena: 2017an Mo Chara, Móglaí Bap eta DJ Próvaík Belfasten sortutako hip hop taldea da Kneecap, irlandako gaelikoa eta ingelesa nahasiz, politikaz eta gazteen egunerokoaz kantatzeagatik ezagun bilakatu direnak.
Talde berari buruzkoa da Peppiatten filma, urte hasieran Estatu Batuetako Sundance festibalean, zinema independentearen Mekan aurkeztu zuten, eta publikoaren sariarekin itzuli ziren Belfastera. Historian lehen aldia zen irlandako gaelikoz egindako filma batek Sundancen saririk lortzen zuena. Ekainaren 21ean estreinatu zuten Euskal Herrian, Miarritzeko Nouvelles Vagues film festibalaren bigarren edizioan.
Peppiatten lehen fikzioa baldin bada, taldearen istorioa molde oso errealean kondatzen du filmak. Hala, zuzendariaren hitzak hartuz, “filmak badu fikziotik, badu dokumentaletik eta badu bideoklipetik”, izan ere, “ikusi nahiko lukeen filma berbera egin” nahi izan duela azaldu du. Aktore profesionalen presentzia baden arren, protagonistak taldekideak beraiek antzezten dituzte, eta aktore zuzendaritza lan makala izan dela aitortu du zuzendariak. Antxeta Irratiarekin mintzatzeko tartea hartu zuen Rich Peppiattek Miarritzen zela, Hotel du Palaisko ostatu batean bildu ginen berekin.
Bertan, progresio betean dagoen talde bati buruzko filma bat egiteak dakartzan erronkak ere izan zituen aipagai: “denbora errealean garatzen den biopic” bezala deskribatu du Kneecap filma, eta horrek zailtasun gehigarriak ditu. Taldea etengabe ari da ezagunago bilakatzen, eta kasualitatez lehen diska, Fine Art izenekoa, Miarritzeko jaialdiaren aste berean argitaratu zuten. Hortaz, Peppiattek azaldu du gidoiari aldaketa ugari egin behar izan zizkiola filmaketa prozesuan zehar, gertatzen ari ziren intereseko garapenak txertatze aldera.
Filmatu bitartean taldea hazten ikusi duela kontatu du zuzendariak, eta filma eginen zutela erabakitzerakoan, bertze hautu garrantzitsu bat ere egin zuela, Irlandako gaelikoa ikastearena. Ingelesa da Rich Peppiatt, eta azken urteetan Belfasten bizi bada ere, oraindik ez zen gaeliko solastuna. Argi zuen, haatik, hizkuntzak halako garrantzia zuen talde bati buruzko filma ezin zuela ingelesez idatzi, eta gaelikoa ulertzea eta mintzatzea ezinbestekoa zitzaiola lana behar bezala egiteko. Gau eskoletan aritu da azken urteetan, eta azaldu du gazte ugari gurutzatu dituela eskoletan hizkuntza ikasten Kneecapen hitzek bultzaturik.
Hizkuntza zapaldua, gazteentzat erakarpen txikikoa
“Baserriarekin eta katolizismoarekin lotua” da Irlandako gaelikoa, Peppiatten ustez. Adibide gisa jarri du 32 hitz dituela hizkuntzak “zelai” edo “pentze” adierazteko; drogak, besta edo sexua kontatzeko aldiz, gutxiegi. Kneecap taldeak azken kontu horiei buruz kantatu nahi zuen, eta lexikoa sortu behar izan dute, baita, naturaltasunez, ingelesetik hartu ere. 2017an eszenatokietara igotzen hasi zirenean, sortu zuten erreakzio polarizatua erakusten du filmak: batetik gazteen lilura, haien errealitatea tokiko hizkuntza zaharrean entzunik, bestetik zaharragoen gaitzespena, lizuntzat zituzten hitz horiek hizkuntza zikinduko zutelakoan.
Ipar Irlandako errealitate politikoak ere ez die Kneecapen hitzei ihes egiten. Errepublikarrak dira, engaiamendu argikoak, eta horrek ez dizkie polemika gutti sortu bertako politikari unionistekin edo Londreseko hedabideekin. Palestinarekiko elkartasuna ere etengabe erakusten dute sare sozialetan edo oholtza gainean, eta bertzeak bertze, SXSW festibalean jotzeari uko egin diote aurten, jaialdiak hainbat konplexu militar pribaturen diruztatzea jasotzen baitzuen.
Boikot mugimendu handia sortu zuten, eta orain aste batzuk festibalak adierazi du ez duela halako diruztatzerik hartuko heldu diren urteetan. Rich Peppiattek azaldu du triste zaiola taldeek haien jarduna kaltetzen duen halako erabakiak hartu behar izatea, baina festibalek “arazo moralak dakartzan” diruztatzea onartzen duten bitartean, “sortzaileek koherenteak izateko, aukerei uko egiten” jarraituko dutela argi utzi du.
Txalo zaparrada luzea bildu zuen Rich Peppiattek Miarritzen izandako bi proiekzioetan. Erresuma Batuan zein Irlandan estreinatu berri, AEBetan ere aurki zabalduko du Sony Pictures konpainiak Kneecap. Ipar Euskal Herriko zinemetan estreinatzekoa da, datarik oraindik finkatu ez duten arren. Bitartean, ekainaren 14an argitaratu zen Fine Art diska entzungai da, Kneecap taldearen lehen lan luzea.