Zirkua

Muga Gabe festibalak Azkaine, Urruña, Bera eta Biriatu lotuko ditu

Ekhiñe Zapiain 2024ko uzt. 11a, 09:32

Orain hiru urte hasi zen EASAC Urruñako Arte eta Zirku eskola Muga Gabe zirku festibala antolatzen, eta joan den urtean estreinatu zen Beran. Pasa den edizioan Biriatu eta Urruñarekin lankidetzan antolatu zuen egitasmoa bortzirietako herriak, eta aurten Azkaineko herria gehitu zaie proiektura.

Uztailaren 12tik 14ra hainbat ekitaldi eginen dituzte eta tartean, ortziralean, uztailaren 12an, Beran izanen dira. Lupe Mendigutxia berako udal zinegotzia izan dugu gurean xehetasunak ematen.

Izan ere, aitzineko urtean soka eta akrobazia erdigunean jarri eta aurten pauso bat gehiago ematea erabaki dute. Gorputzera, eskuetara… ekarriko dute zirkua. Ez da ordea karpa baten azpiko zirkua izanen. Kanpoan eginen dute, eta azpimarratu dute adin guztietako jendearentzat direla hitzorduak, ez soilik haurrentzat. 

Egitaraua janzteko ahaleginean aritu direla onartu du eta Mendigutxiak eta hitzordu ugari antolatu dituzte. EASAC Urruñako arte eta zirku eskolak zirku tailerrak eskainiko ditu bi txandatan akrobaziak lantzeko; 17:30ean eta 18:00tan. Ondotik, 18:30ean Esther Carrizok ordubeteko Colwn tailerra eskainiko du. 19:30ean ordubeteko atsedena izanen da eta Labiaga Ikastolako gurasoek taloak eskainiko dituzte, bertzeak bertze. 20:00tan EASAC akrobazia eskolako ikasle-irakasleek erakustaldia eginen dute eta bukatzeko, 20:30ean Argentinako A tope konpainiak Shhh…! Ikuskizuna eskainiko du. 

Hitzorduetan parte hartzeko aitzinetik izena eman behar da 948 63 12 22 telefono zenbakira deituta edo kultura@bera.eushelbidera idatzita.

Zirku festibala mugaz gaindikoa izateko helburuz jaio zen eta hori azpimarratu digu zinegotziak, datorren urtean herri gehiago batzeko xedea dutela.