Erlaitzako bidearen itxiera esperimentalaren ondorioak aurkeztu dituzte, konponbidearen inguruko adostasunik gabe

Antxeta Irratia 2024ko uzt. 19a, 11:20

Udaberri bukaeran hiru astez itxia egon zen bidea, eta egindako neurketen emaitzak landu dituzte tokiko erakundeek. Herritarren elkarteak ere bere bilana egin du, doinu ezkorragoan.

Herritarrak “autoari lotuak” direla, baita Erlaitzako bidearen erabilerari ere: horixe Filipe Aramendi Urruñako auzapezak eman duen ondorioetako bat, Erlaitzeko errepidearen itxiera esperimentala aztertu zuten bilkuraren biharamunean. Comité de Pilotage delakoak errepideak hunkitzen dituen herrietako auzapezak, Euskal Hirigune Elkargoa, Departamendua eta estatua biltzen ditu.

Egunero 9.000 autok erabiltzen dute bataz bestean 912 departamentala, udan 16.000k. Maiatzaren 21etik ekainaren 7ra, esperimentalki itxia izan zuten bidea, eta hiru aste horietako ondorio nagusia erabiltzaileek RD810 bidea, hots Hendaia, Urruña eta Donibane Lohizune arteko departamentala hartu zutela da. Haatik, bide hau saturatua izan zen, Pausun eta Urruña erdigunean nagusiki, eta beraz bertako herritarrek errepide txikiagoak erabili zituzten.

Ondorio berak atera ditu ere Euskal Erlaitzeko Herritarren Elkarteak, dozena bat argazki eta 500 lekukotzako txosten batekin batera. Itxierak herritarrak arriskuan jarri dituela diote, eta horrez gain jarduera ekonomiko kolpatua, trafikoaren moteltzea eta auto metatzeak, eta bizitza kalitatearen okertzea ere aipatzen dituzte.

Urruñako auzapezak zein elkarteko lehendakari Jean-Philippe Michelenak bat egiten dute: Erlaitzako bidearen saihesbideetan autobusak, kamioiak eta autoak ezin gurutzatu ibili dira, hainbat ibilgailu trabatuak geldituz eta istripu arinak ere izan direlarik.

Haatik, balizko konponbidean ageri dira desadostasun nabariak: osteguneko Comité de Pilotage bilkuran azterketaren ondorioak besterik ez zituzten aurkeztu, udazkenean beste bilkura batean konponbidean pentsatzen hasteko konpromezuarekin. Bi posizio dira nagusi: bertzeak bertze Filipe Aramendik babesten duen bidea arrunt itxi eta kostatik urrun berri bat egitearena, eta alderantziz, Kotte Ezenarrok babesten duen bidearen arrisku guneak konpondu, eta berantago kostatik ahalik eta hurbilen bide berria egitearena.

Azken posizio horrekin bat egiten du auzokideen elkarteak ere, bideak dituen hiru edo lau gune lanjerosak saihesteko lanek 20 milioi euroko kostua dute haien arabera, errepidea osorik mugitzeak 60 milioiko inbertsioa delarik. Aldiz, saihesbideak egokitzeak, garraio publikoa emendatzeak edo autopistan irteera berri bat egiteak inbertsio askoz handiagoa ekarriko luke elkartearen hitzetan.

Udazkenean egitekoa duten bilkura horretan finkatu beharko dute instituzioek heldu diren urteetara begirako posizio bat, oraindik ere luizi arrisku bizian dagoen Erlaitzako bidearekin zer egin jakiteko.