Bidasoa-Txingudi badiako ibilbidearen 130 seinaleak berriztatu dituzte

Antxeta Irratia 2024ko uzt. 23a, 09:31

Bidasoa-Txingudi Badiako Bidearen seinaletika berritu du Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek osatzen duten mugaz gaindiko partzuergoak. Hendaiako Abadiako jauregian hasi eta Hondarribiko Higer itsasargian amaitzen den 14 kilometroko ibilbidean zehar 130 seinaleak berritu dituzte bi fasetan. 

 

Gure eskualdea zeharkatzen duen Bidasoa-Txingudi badiako oinezkoen bidearen interesgune historiko, natural eta turistiko nagusien azalpena ematen duten seinaleak berritu egin ditu partzuergoak. Orotara 45 gune estrategikotan banatutako 130 seinalek osatzen dute ibilbide honek gordetzen duen aberastasunaren berri ematen duten panoak. Mota desberdineko seinaleak daude, betiere bisitariei informazio baliagarria eta bidearen norabideak argitzen dizkionak, eta hondartza, padurak eta hirigune historikoak bezalako gune interesgarriak nabarmentzen dituenak. Eta bertako zein kanpoko bisitarien esperientzia aberasten dutenak. 

Itziar Aizpuruak, Hendaiako herriko etxeko ordezkariak mugaz gaindiko lankidetza indartzen duen proiektu amankomun hontaz harro daudela nabarmendu du. Eta seinaleak eguneratzea beharrezkoa zela aipatu digu. 

Berrikuntza lanak bi fasetan egin dituztela argitu dute. Batzuk lekuan berean berriengatik ordezkatuz, eta beste batzuk lekuz aldatuz. Lehen fasea 2023ko apiriletik uztailera egin zuten eta 61 seinale berritu zituzten Hendaian, Irunen eta Hondarribian. Bigarren fasean, aldiz, gainerako 77 seinaleak aldatu edo hobetu egin dituzte 2023ko abendutik 2024ko ekainera artean.  

Hendaiako herriko etxeak jakinarazi duenez, epe laburrean, gainerako seinaleen instalazioa osatzea espero dute, besteak beste, Hendaiako Errepublika plazakoak bertako lanak amaitutakoan.