“Xabier Amurizak urteak darama aldarrikatzen batez ere aditzak sinplifikatu behar direla. Ez dauka zentzurik horren aditz konplikatuak erabiltzeak, batez ere badirenean euskaraz aditz aunitz errazagoak”: Mikel Mendizabalen hitzak dira, Euskara Orain, Eraginkortasuna Helburu liburuan bildutakoari buruz. Amurizaz gain, Iñigo Lamarca idazlea eta Haitao Liu eta Jesus Rubio hizkuntzalariek hartzen dute parte ikerketa lanean.
Euskarak dituen konbentzioak dituzte aztergai, eta hutsune ugari dituzte haien arabera, sintaxia kasu. Mendizabalek azaldu duenez, “Haitao Liuk aztertzen ditu sei sintaxia mota eta Jesus Rubiok ere bai gai horretan, eta argi eta garbi erakusten dute sintaxiarik eraginkorrena dela SVO. Alegia, subjektua, aditza, eta objektua. Zergatik? Bestela entzun behar duzulako esaldi osoa jakiteko beste pertsona zertaz hitz egiten ari den. Erabat logikoa da”. Hain zuzen ere, azken hori da euskarak egun zabalduen duen sintaxia mota, erabilerarekin aldatzen ari den arren.
Ingelesa jarri dute hizkuntza “eraginkor” baten adibide gisa, eta egun nazioartean duen arrakastak uste baino arrazoi gehiago dituela azaldu: “Ingelesaren nagusitasuna kontutan hartzen denean bakarrik kontutan hartzen dira arrazoi soziolinguistikoak, historikoak, ekonomikoak eta abar. Eta, jakina, arrazoi horiek hor daude, baina ez da inoiz hitz egiten ingelesa dela hizkuntza bat oso erraza ikasteko. Ez dauka akademiarik. Arauak oso malguak dira, batez ere solastean. Eta gauza horiek ezin ditugu bazter batean utzi”.
Hizkuntza teknologia bat da. Balio sentimentala izan dezake, baina gizakion artean komunikatzeko tresna da ororen gaindi. Eta teknologia dute aztertu Euskara Orain, Eraginkortasuna Helburu liburuan. Mikel Mendizabalen hitzetan, “Hizkuntza bat aztertzen ahal da bi lekutatik. Alde batetik aztertzen ahal da sentimendua bezala, eta aztertzen ahal da teknologia bezala. Orduan ezin dira biak zaku berean sartu. Euskara aztertzen ahal dugu gure kultura delako eta gure kultura defendatzen dugulako, baina aztertzen ahal da ere bai ikuspegi tekniko batetik. Orduan, hizkuntzak guztiek, salbuespenik gabe, dituzte bere alde onak eta dituzte bere mugak”.
“Proposamenik” egiten ez dutela azaldu du koordinatzaileak, analisiak eta konstatazioak bertzerik ez. Haatik, haien ondorioak euskaldunei heltzea nahi lukete, hausnarketa eta eztabaida irekitzeko hizkuntzaren, teknologiaren errealitateari buruz. Haien iritziz, euskarak biziraun behar badu, eskuragarriagoa behar baitu euskalduntzen ari diren horientzat.