“Koordinazio estua” dute Irun eta Hondarribiko Udalek, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak irteera eta iritsiera operazioetan trafikoa ahalik eta arinena izan dadin. Hala, uztaileko azken asteburu honetan eta abuztuan zehar giza baliabideak eta baliabide materialak indartuko dituzte erakunde guztiek, trafiko “afekzioak murrizteko helburuarekin”.
Haatik, prebentzioa lehenesten dutela adierazi dute ohar bidez. Hala, Bidasoaldeko herritarrei haien mugimenduetan garraio publikoa ahalik eta gehien erabiltzeko galdegin diete, “batez ere Irunen kasuan, hiri barruko joan-etorrietarako edo inguruko ibilbideetarako ibilgailu pribatua saihestuz”.
Uda sasoian Donostia eta Hondarribiko aireportuaren arteko Lurraldebus zerbitzu zuzena plantan dela oroitarazi dute, baita bertze hainbat linearen frekuentziak indartuak direla ere.
Errepideei dagokionez, abuztuko bigarren hamabostaldian espero dute egoerarik zailena. Hala, “pilaketek izan ditzaketen ondorioak gutxitzeko irtenbideak bilatuko” dituzte instituzioek, zehaztasun handiegirik eman gabe. Aurreikusi duten neurri zehatz bakarra iaz hartu zutena errepikatzea da: AP-8an, Biriatuko noranzkoan Oinaurreko irteera berria ixtea, Irungo karrikak saihesbide bilaka ez daitezen.
Haatik, iaz Jose Antonio Santano Irungo alkate ohiak iragarri zuen neurri polemikoa momentuz ez da plazaratu. Hark, Espainiar estatuko edo Pirinio Atlantikoetako matrikula ez zuten auto orori Irunen autopistatik ateratzen utziko ez zietela iragarri zuen, autopistako metaketak saihestu nahian GI-636a eta orohar Irun, Hondarribia eta Hendaia kolapsa ez zitezen.
Mugan, zalantza
Kontuan hartzekoa da Pariseko Joko Olinpikoak direla-eta frantses poliziak mugako kontrolak indartzeko ezohiko baimena duela europar instituzioen partetik. Momentuz Biriatun kontrola indartu ez badute, uda osoan egiteko aukera dute, eta irteera eta itzulera operazioak are gehiago zaildu litzake horrek.