Aurtengo bestei begira Txozna Batzordea martxoa aldera hasi zen bilkuretan. Eragile ezberdinen elkarlanez osatzen da batzordea; Goldatz Talde Feministak, Euskal preso politikoen taldeak eta Barraskilo Gazte Taldeak parte hartzen dute bertan. Egitaraua osatzeko kontzertuak lehenbailen lotzea izaten da lehendabiziko pausua. Horretarako, Berako Udalarekin harremanetan jartzen dira eta honek bertze eragileekin batera osatzen duen Besta Batzordean parte hartzen dute.
Behin hori lotuta, txoznagunea fintzeko lanak hasten dira. Musika eskaintzaz gain jokuak, bertzelako hitzorduak, txozna bera osatzeko materiala… lan ugari egoten dira egiteko. Gainera, txoznagunearen izaeraren bueltan ere hausnarketak ez dira eskasak: besta eredua, egin nahi diren aldarrikapenak… oinarri jakin batzuk jartzen ere aritzen dira.
Aurtengo egitarauan bortz egunetan hitzordu andana izanen dute:
- Abuztuak 2:
- 10:00: gosari herrikoia eta ondotik txupinazora martxa.
- 19:00: Txozna irekiera eta ondotik ZKER elektrotxaranga
- 22:00: JANUS LESTER
- 00:00: GANIBET
- 01:30: DJ ÜZKÜLÜZ
- Abuztuak 3:
- 00:00: BENGO
- 02:00: FIFI TA FEFA
- Abuztuak 4 (Mozorro eguna. Gaia: laranja)
- 17:00: Ginkana txoznagunetik hasita (16 urtetik aitzinera)
- 20:00: MICE
- 00:00: Herriko DJ-ak
- Abuztuak 5:
- 19:00: Presoen aldeko elkarretaratzea
- 20:00: ATZARBALE
- 00:00: XUTIK
- Abuztuak 6:
- Herri bazkariaren ondotik jokuak
- 19:00: PAN CON CHILE
- 00:00 ALARMA MOREA
Molinero Barraskilo Gazte Taldeko kidea da. Orain pare bat urte sortu zuten taldea eta geroztik herrian gazteentzat (eta ez hain gazteentzat) ekimen ugari antolatu dituzte. Gazte eguna izaten da urteko mugarri nagusiena, baina aipatu digu aurten ere izan dituztela bertze zenbait egun garrantzitsu. Tartean, Porrotx eta Marimototsen emanaldia egin zuten, bertso-afaria… geldirik egoteko asmorik ez dute behintzat.
Txoznaguneko egitarauaz gain, Gure Txokoa Dantza Taldeak emanaldia eginen du abuztauren 1ean, besten bezperan. Molinerok azaldu digu aurtengoa berezia izanen dela; kontrabandoa hartu dute gaitzat, eta lekukotzak eta dantzak uztartuko dituzte emanaldi eder batean.