Konpantzian botere eskualdatzea egin zuten atzo, kutsu militarreko ekitaldian

Aimar Lopez 2024ko abu. 1a, 10:44

Munduko kondominiorik txikienean botere aldaketa eguna zen atzokoa. Zeremonia eta protokoloaz harago, itsasadarraren kudeaketan ezinbestekoa den elkarlana azpimarratu zuten.

6.000 metro karratu gehiago ditu Hendaiak sei hilabetez, atzo hasita. Espainiar agintetik frantses agintera pasa zen Konpantzia uhartea, azken 123 urteetan urtean bitan egin den legez. 1901ean finkatu zen uhartearen kondominio izaera, 1856ean Baionako hitzarmenak mugako lerroa finkatu zuenean ez baitzuen irlaren egoera argitu.

Geroztik, kudeaketa partekatu eta “baketsua” izan du Konpantziak, atzoko ekitaldian mintzatu ziren arduradunen hitzetan. Ehun bat espainiar militar eta polizia, tokiko instituzioetako arduradunak, Baionako suprefeta eta frantses Afera Maritimoetako hiru agente ziren bertan. Irungo Hiriko musika bandak jo zituen uhartearen ereserkia, hainbat martxa baita frantziar eta espainiar ereserkiak ere.

Giro militar zorrotzean, hildako soldaduei omenaldia egin zieten Hondarribiko Itsas Komandantziako arduradunak eta Baionako Lurralde eta Itsasoaren Zuzendaritza Departamentaleko buru Pauline Potierk. Hain zuzen ere, haiek dira Konpantziako errege eta erregin ordeak; bai, 2024an Frantziar Errepublikako administrazioan erregina orde bat bada.

Omenaldiaren ondotik, uharteko mastan zegoen espainiar bandera jeitsi, eta frantziarra altxatu zituzten bi mariñel militar espainiarrek, zegokion ereserkiaren erritmora. Fusilekin artilleria deskarga bat egin, agur militarrak egin elkarri, eta segidan bukatu zen ekitaldia, Hondarribiko komandantzian “ardo espainiar” kopa bat hartzeko gomitarekin.

Konpantziara joan-etorria itsasontziz egin behar da, Hendaiako intzuran dagoen moila txikitik. Guardia Zibilaren, Espainiar Armadaren eta Afera Maritimoen lau ontzi ziren orotara parte hartzaileen -eta kazetarion- zerbitzura.

Zeremonia militarrak kutsu historiko, sinboliko eta argiki espainiar nazionalista badu -boterea Frantziak hartzen bazuen ere, ordezkaritza askoz zabalagoa zen espainiarra-, Pauline Potier erregina ordeak argitu zuen funtzio praktiko ezinbestekoa duela bere titulu arkaikoak: “Txingudiko badian eta Bidasoa ibaian trafiko maritimoaz, itsas ontzi berrien erregulazioaz, abiadurez, edo dragatzeaz erabaki praktikoak hartzen ditugu gure kide espainiarrekin. Egunerokoan lan egiten dugu elkarrekin.” Bidasoaren Komisio Tekniko Mixtoan egiten dute elkarlan hori bi erakundeek.

Hondarribiko Itsas Komandantziako arduradunak Irungo Udala eskertu zuen, azken urte erdian uhartea mantentzeko egindako lanagatik. Irun eta Hendaiako herriko zerbitzuek txukuntzen dute uhartea, eta mariñel espainiarrak harro erran zuenez “uhartea erdipurdiko egoeran zegoen, eta hendaiarrei maila altu” uzten diete. Kotte Ezenarrok, bazterretik, baiezkoa egin zuen buruarekin.