Oztoporik gabeko bainua indartu dute uda honetan Hondarribiko eta Hendaiako herriek, “hondartzaz disfrutatzea” denen aukera izan dadin

Aitziber Zapirain 2024ko abu. 7a, 10:54

Gurutze Gorriak ematen duen ohiko zerbitzua osatzeko, bi langile kontratatu ditu Hondarribiko Herriko Etxeak, abuztuan hondartzako irisgarritasuna bermatzeko. Hendaian ere, aurten Handiplage dispositiboa indartu dute.

Urtero, Hondarribiko hondartzan mugikortasun mugatuko herritarrentzat Oztoporik gabeko bainua izaten da, Gurutze Gorriak antolaturik. Usu salatu dute zerbitzu hau modu prekarioan antolatzen dela, horren biktimak langileak eta batez ere zerbitzuaren erabiltzaileak izanik. Aurtengoan, horri aurre egiteko, Hondarribiko Udalak bere gain hartu du zerbitzuaren zati bat.

Hala, egunero, abuztuaren 3tik 25era, goizeko 10:30ean hasi eta arratseko 19:30era, bi sorosle izanen dira zerbitzua kudeatzen. Gurutze Gorriko aldageletan da zerbitzuaren kokapena, eta bertara hurbildu beharko dute erabili nahi dutenek. Lehenagotik hitzordua eskatzea aholkatu du Josu Peña Gizarte Kohesiorako zinegotziak: +34 651 902 666 telefonora deitu behar da horretarako. Hitzordurik gabe ere erabiltzen ahalko da zerbitzua, baina bermerik gabe.

“Udalak, zerbitzu hau bermatu nahi du bainua hartu nahi dutenek aukera izateko. Zerbitzua ere, Hondarribiko zahar egoitzetara zabalduko da, eta aukera emango zaie egoilarrei bainua hartzeko”, Peñak azaldu duenez. Gehitu du garrantzitsua iruditzen zaiola udalari “bainua hartu nahi duen orok, baldintza onetan bainua hartzeko aukera izatea eta edozein herritarren moduan, hondartzaz disfrutatzea”.

Hendaian, Handiplage indartua

Hendaiako Herriko Etxeak ere urtero gisa berriz plantan ezarri du “Handiplage” zerbitzua. Uztailaren lehenetik irekia da eta abuztuaren 31a arte hala izanen da, egunero, 11:00etatik 19:00ak arte. Aurten, bi postu izanen dira: lehena Itsas ospitale atarian, orain arte existitzen zena, ezintasun “arinentzat”; eta bestea Balea zeneko sokorri gunean, “elbarritu handientzat” ere eskuragarria izanen dena.

Izan ere, zerbitzua, 4 mailatan banatzen da, elbarritasunaren arabera, 1 arinenak izanik eta 4 azkarrenak. Hendaiako hondartzaren kasuan, 3. mailara arte doa eskaintza. Zerbitzuak elbarrituentzako bainu gune bat sortzeko xedea du, bainatu eta itsasoko uraren onurak jasan ahal izateko.

Horretarako, Hendaiako Herriko Etxeak azpiegitura desberdinak ezarri ditu: izan aulki bereziak urera joan ahal izateko, baina baita ere dutxa edo komun eta aldagela bereziak ere. Aulki berezi horiek uretara eraman ahal izateko, tapiz berezia ezarri dute ureraino. Zerbitzua segurtatzeko, 5 langile izanen dira hondartzan uda osoan zehar.