Eskualdeko musikarien bideoklipak sarituko ditu aurrenekoz Amua Bideoklip Lehiaketak

Aimar Lopez 2024ko abu. 21a, 10:44

Laugarren edizioa izanen du aurtengoa Amua jaialdiak, musika laburmetraiek Hondarribiko Itsas Etxea izanen dutelarik aterpe hiru egunez. Lehen aldiz, Bidasoaldeko eta Bortzirietako musikarien edo zuzendarien bideoklipak ere lehiatuko dira, 1000 euroko saria izanen delarik jokoan.

Hondarribia, Bera, Irun… azken hamarkadetako euskal musikaren epizentro argiak dira, musika esperimentazioaren etxeak. Argi dute hori Amua festibalaren antolatzaileek, eta azaroko hitzordua Euskal Herri eta espainiar estatu mailan finkatzen ari bada, herriko eta eskualdeko sortzaileengana hurbiltzeko asmoz dabiltza orain.

Hala, martxoan ireki zuten Amua Bideoklip Lehiaketan izena emateko epea, eta urriaren lehenera arte egiten ahalko da. Jaialdia bera azaroaren 14tik 16ra izanen da, eta aurkeztutako bideoklipetako hamar bat proiektatuko dituztela azaldu du Judas Arrieta antolatzaileak. Haatik, argi utzi du irabazlea ez dutela antolatzaileek hautatuko, puntako epaimahai batek baizik.

Koldo Almandoz kazetari eta zinegile donostiarra, Naia Del Castillo eskultore eta argazkilari bilbotarra eta Pablo Ribera argazkilari eta bideogile donostiarra izanen dira epaimahaikideak. Haiek dituzte bideoklipak ikusiko, eta onenari saria emanen. Hain zuzen ere, EITBrekin elkarlanean, lan hoberenak 1000 euroko saria jasotzeaz gain Primeran plataforman ikusgai ere emanen dute.

Lehiaketan parte hartzeko, lanek originalak izan beharko dute, eta 2023ko urtarrilaren lehenetik gaurdaino eginak. Gainerateko oinarriak jaialdiaren webgunean atzeman daitezke. Judas Arrietak oharra ere helarazi du: azkenean ez dute FestHome plataforma erabiliko, eta parte hartzeko posta elektroniko bidez bideokliparen helbide bat igortzearekin aski izanen da.