Santxikorrota lasterketa eginen dute Bardeetan euskararen alde, Hendaiatik autobusa eta guzti

Aimar Lopez 2024ko abu. 28a, 10:02

Urriaren 5ean izanen da herri lasterketaren bigarren edizioa, Arguedas inguruan, Agerraldia euskararen aldeko elkartearen eskutik. Mintzaianek Hendaiatik autobusa antolatu du, bi herriak senidetuak diren heinean, Herriko Etxearen laguntzarekin.

Errigora dinamikaren eskutik sortu zen orain urte zonbait Agerraldia elkartea, eta Nafar Erriberako txoko ezberdinetan euskararen eta euskal kulturaren aldeko ekimenak sustatzen ditu: manifestaldiak, euskara egunak, Union Tutera futbol talde herrikoia, edo Santxikorrota herri lasterketa.

Lehen edizio arrakastatsu baten ondotik, aurten ere antolatuko dute korrikaldia. Arguedas ingurutik abiatu, Bardeetako basamortuan ibili, eta Arguedasen bukatu; saririk ez, kontagailurik ez, lehiaketarik ez. Herri lasterketa da, eta norberak bere erritmoan eginen du laster, hori bai, euskararen alde. Bi luzerako ibilbideak ondu dituzte: 7,28 kilometroko labur bat, 82 metroko gorabeherekin, eta maratoi erdi bat, 21,8 kilometrokoa eta 133 metroko gorabeherakoa.

Pello Aranzabal urruñarrak argi utzi du edonork duela parte hartzeko modua, “oinez ere egin daiteke” Santxikorrota. Bide bazterrean animatzen, edo modu ezberdinetan ere laguntzera joateko deia egin du. Izan ere, autobusa abiatuko da goizean goiz Pausutik, eta arratsaldean hartu bueltako bidea. Azaldu duenez, iazko lehen ediziora hurbildu zen bera, eta Arguedasen sartzean ohartu zen herria Hendaiarekin senidetua zela. Segidan piztu zitzaion nolabaiteko elkarlan bat sustatzeko ideia, eta Mintzaian elkartearekin batu zen horretarako.

Hendaiako Herriko Etxeak dirulaguntza emateko ohitura du senidetzeekin lotura duten trukaketak antolatzeko, eta halakoa lortu dute autobusa antolatzeko ere. Hala, garraioa eta Arguedasen bazkaria 20 euroren truke lortu daitezke, 06.85.37.98.99 telefonora idatziz. Lasterketarako izena emateko haatik, Agerraldiaren webgunera jo beharra dago.

Makalo Jauregik eta Pello Aranzabalek azpimarratu dute plana ez dela kirol erronka hutsa. Ez, euskara eta kultura egoera zaurgarrian diren Erriberara joan, arnasgunea sortu, eta bertako errealitatea ezagutzea da asmoa. Urriaren 5erako eman dute hitzordua.