Lesbos uhartea, foku mediatikotik kanpo. Iker Eizagirre irundarrak Europar Batasunaren zeru irekiko kartzela bertatik-bertara ezagutu du.

Antxeta Irratia 2024ko eka. 20a, 11:35

“Egoera oso gogorra” atzeman zuen Eizagirrek Lesbosera iristean, migrazio krisia hasi zenean bertan zegoen mediatizazioa desagerturik, hango errealitatea existitzen ez dela baitirudi. “Txiroak eta zuriak ez direnen aurkako salbuespen egoera” salatu du irundarrak, harrera gaitasunaren bikoitza hartzen duten migratzaile kanpalekuetan.

Orain hamar urte, 2014an hasi ziren migratzaileak Lesbosera iristen, Turkiako kostatik berehala dagoen Greziar uhartera. Garaian, Syriza alderdi ezkertiarra zen gobernuan, baina herrialdeko egoera gainezka egitear zen, eta Europar Batasunarekin talka nabaria zen. 2016rako, EBk akordioa egin zuen Turkiarekin, honek bere mugak askoz gehiago kontrola zitzan, migratzaileak ez zitezen Europaraino iritsi. Ondotik, Grezian eta Lesbosen bertan ere aldaketa politikoa iritsi zen, eskuina eta eskuin muturra gailenduz eta migratzaileekiko errepresioa nagusituz. Eizagirrek azaldu duenez, hala iritsi dira egungo egoerara.

Gaur egun, Lesbosera eta EBra iritsi aitzin errepresio handia pairatzen dute migratzaileek, bai Europak finantzatutako Turkiar agenteengandik, bai Frontex agentzia parapolizialarengandik ere. EBk 2006an sortu zuen agentzia hau, eta egun 10.000 bat agente ditu lurrean, uretan eta airean, migratzaileak batasunaren mugetatik uxatzeko.

Lesbosen bertan, kartzela moduan funtzionatzen duten zelaietan bizi dira milaka migratzaile. 2023ko ekainetik janari urritasun handia dagoela salatu du Eizagirrek, eta muturreko egoera horiei aurre egiteko ezinbestekoak direla Zaporeak bezalako nazioarteko laguntza proiektuak. Hain zuzen ere, migratzaileen aurka egiteaz gain, Gobernuz Kanpoko Erakundeen eta kazetarien lana zaildu dute Greziar gobernuak eta Europar Batasunak ere, elkartasuna eta errealitatea erakustea mugatuz.

Lesbosen geldirik dauden migratzaileak haien egoera aztertzeko zain dira. Europar Batasunak erretentzio zentro masibo bezala, nolabait ere linbo gisa darabil uhartea. Herritar hauen gehiengoak ez du Grezian gelditu nahi, Alemaniara edo Europa Iparraldera joan nahi du, baina Dublingo protokoloak Grezian egotera behartzen ditu, baldin eta EBra sarrera onartzen badiete. Izan ere, Irlandako hiriburuan izenpeturiko hitzarmenak zehazten du migratzaile bati Batasunera sarrera baimentzen bazaio, sartu den herrialdean egoteko baimena besterik ez duela. Beraz, Lesbosetik ateratzea lorturik ere, askok migrazio bide prekario eta klandestinoan jarraitzen dute, helmuga finalera.

Lesboseko itxaronaldiaren ondotik, erantzuna ezezkoa baldin bada, jatorriko herrialdera deportatzen ditu Greziar gobernuak. Bertan, hasieran ihes egin zuten egoera edo okerragoa topatu dezakete, ihes egiteak ondorioak ekartzen dizkielako usu migratzaileei.

Hurbiletik ezagutu duen egoera hau zehatz kontatu du Iker Eizagirrek, kamera eta mikrofonoetatik urrundu nahi duten errealitatea ahantzi ez dadin.