Astero bost edo sei orduko saioen bidez, helduen euskalduntzean jarraituko du aurten Hendaiako AEK gau eskolak ere, baita euskaldundu nahi duten gurasoei begirako asteroko hiru orduko saioekin ere. Kurtsoak hilabete bukaeran hasiko badira, izena emateko aukera gaurdanik badela azaldu dute Antxeta Irratian Gurutze Arrondo eta Jaione Rubio langileek.
Irailaren 11tik 18ra, goiz eta arratsaldez Hendaiako Gau Eskolan izena emateko aukera irekia izanen da, Merkataritza karrikako hamaikagarrenean. Goizeko 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00tara izanen da horretarako aukera, irailaren 13an salbu, goizez bakarrik izanen baitira hor egun horretan.
Permanentzia horiez gain, Biriatu eta Urruñara ere bertaratuko da AEK. Urruñan, guraso taldeei begirako bilkura antolatu dute irailaren 17an, 18:00tan, Posta gelan. Irailaren 19an berriz bilkura irekia antolatu dute, 19:00tan, Posta gelan. Biriatun berriz, irailaren 24an elkartuko dira, 19:00tan, Xoldo eraikineko Mendia gelan.
Mintzapraktika saioak ere
Azken xehetasunak fintzen ari badira ere, azken urteetan Hendaian bertzeak bertze Mintzaian elkartearen bidez antolatu den Mintzapraktika dinamikara batuko da aurten AEK. Hala, ikasleei euskara klasetik kanpo eta giro informalagoan praktikatzeko aukera eskainiko diete, baita ikasle ez direnentzat Hendaian euskaraz aritzeko arnasguneak sortu ere.
Bertzalde, Gurutze Arrondok oroitarazi du Ipar Euskal Herriko AEKk sei hilabeteko ikastaro trinkoak eskaintzen dituela hainbat zentrotan, enplegatzailearekin akordio bat lortuz urte erdian euskararen ikaskuntzan murgilduz. Hala, sei hilabetean euskara maila ona lortzen dute ikasleek, gau eskola arrunten bidez urteak beharko lituzketelarik.