Laugarren urtea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin Bidasoa Digitala eskualdeko enpresa txikien eraldaketa teknologikoa bultzatzeko programa aurrera eramaten dutela. Haatik, Bidasoa Bizirik garapen agentziak ekin zion urtebete lehenago, eta orduz geroztik Bidasoaldeko 45 enpresa dira eraldaketa digitalaren bidetik euren jarduna eguneratu eta hobetu ahal izan dutenak.
Aurtengo edizioan, 12 enpresa dira parte hartzen dutenak. Horietatik sei programaren azken fasean aurkitzen dira. IETEAM Consulting enpresak landu duen ibilbidea, diagnostikotik hasi eta digitalizazioaren inplantazio eta formakuntzaraino doa. Eta horretan aritu dira dagoeneko, aholkularitza pertsonalizatua jaso duten Fepako Proteccion, Forest Pioneer, Indart 3D, Sacytrans, Pulimentos Metalicos Txingudi eta Placisa enpresak. Bestalde, aurreko edizioetako enpresen jarraipena egingo dute aurtengo edizioan ere. Horretan Iruma Productos Industriales, Desguaces Vidaurreta, Neumatico Txepetxa, Valvulas Zubi, Puertas Olamendi eta Moldes Molbat enpresekin segimendua egin eta eguneratzeko aukera emango zaie.
FEPAKO Protección enpresako CEO Ainara Pachecok «enpresarentzat errealitate kolpe bat» izan dela aitortu du, «datu asko genituela eta ez genituela aprobetxatzen konturatu baikara». Jasotako formakuntzari esker, «datuak ia denbora errealean ezagutzeko, aztertzeko eta kudeatzeko aukera dugu. Eta horrek hobekuntza handiak ekarriko dizkigu hainbat arlotan, produktiboagoak izateko eta estrategia komertzial berriak sortzeko», azpimarratu du.
Izan ere, Big Dataren garrantzia enpresa munduan ez da nolanahikoa gaur egun. Teknologia berriek «aukera berriak detektatzeko aukera emango dio enpresari, gero eta digitalizatuagoa dagoen mundu batean» azaldu du Estitxu Urtizbereak, Bidasoa Bizirikeko presidenteordeak.