Aurten mendiaz gozatzeko proposamen berriekin dator Erlaitz Mendi Elkartea. 2025ean 70 urte beteko ditu elkarte irundarrak, eta azken urteotan zuzendaritza taldea berritzeko zailtasunak izan ondotik, eta elkartearen bideragarritasuna kolokan egon bada ere, lantaldea berritu eta aurreko zuzendaritza taldearen lekukoa hartuta, elkartearen jarduera biziberritu nahian dabiltza.
Arantxa Iriarte, elkarteko kideak azaldu digunez, gaur egun 470 bazkide ditu Peña kalean egoitza duen elkarteak, eta mendizaletasuna sustatzeko ekimenetan parte hartzeko jende berria bilatzen dabil. Horretarako, ohiko mendi taldeak antolatzen dituen goi eta erdi mailako mendi ibilaldiez gain, hasiberrientzako zein familientzako eskaintza antolatzen ari da ikasturte honetan elkartea suspertzeko asmoz. «Erabaki dugu inportantea dela ateak zabaltzea eta jende gehiago erakartzeko guk ere kanpora begiratu behar dugula», dio.
Ekimen berriak
Zentzu horretan, iaz dagoeneko Hondarribia Baltsan ekimen inklusiboan parte hartu zuten. Atzegi fundazioarekin batera, adimen urriko pertsonentzako egokitutako mendi buelta antolatu zuten Hondarribiko eragileekin batera eta Udalak babestuta. Eta aurten Atzegirekin lankidetzan jarraituko dute, «edozein dela norbere egoera fisikoa, mendiaz gozatzeko aukera badagoela» sinetsita baitago Erlaitz elkartea.
Eta hari beretik, Bidasoaldeko familiak erakarri nahi dituzte. «Erreleboa hor dagoela uste dugu, jende askok bere kabuz mendi bueltak egiten ditu, baina bilgune izan nahi dugu, eta zaletasun bera daukaten familiek elkarrekin egiteko aukera eman», argitu digu. Irungo zenbait eskola eta guraso elkarteekin harremanetan sartu dira dagoeneko, “Familiekin Mendira” ekimenaren berri emateko. Izan ere, Arantxa Iriartek aipatu digunez, urriaren 6an antolatu dute aurreneko txangoa. «Etxetik hasiko gera, baina Euskal Herriko txoko desberdinak deskubritzeko asmoa dugu, eta betiere, umeen adinari egokitutako zailtasuna duten ibilbideak proposatuko ditugu». Hilabetean behin halako irteera bat antolatuko dute.
Hortaz gain, elkarteak aspaldi mantentzen duen Mendi Taldeak ere beste maila bateko irteerak antolatzen ditu, bazkide zein bazkide ez direnentzat. Elkarteko lantalde berria sartu zenez geroztik ere dinamika azkartu egin dute horretan, eta 70. urtemugarako egutegia indartzeko asmoz ari dira lanean. Horren irudiko dugu abuztuan Espainiako Gredos mendi-katean egon zirela, eta ikasturte hasiera honetan, irailaren 22an Pirinioetako Pico Peguera joango badira, irailaren 28an Hiru Erregeen Mahaia egingo dute.
Erlaitz elkarteko bulegoa zabalik egoten da (Peña kaleko egoitzan) asteartetan eta ostegunetan, goizez 10:30etik 13:30era, eta arratsaldez 18:30etik 20:00tara. Bestela Facebooken ere orrialdea aktiboa dute, eta haien jardueren berri ematen dute bertan.