Mugikortasun Jasangarriaren Astea dela eta, irailaren 22a arte erabilgarri egongo den bidegorri bat asmatu du Irungo Udalak Nafarroa hiribidean. Goranzko norantzan dagoen aparkaleku lerroa erabili dute horretarako, eta udal agenteek txirrindulariak zenbatu eta galdeketak egiteko aprobetxatuko dute. Antolatutako ekimenen artean, aldiz, Balazta eta Nagusilan elkarteek triziklo Nagusikleta ibilaldiak egingo dituzte Caser Anakako egoiliarrekin irailaren 18an. Hilaren 20ean gazteei zuzendutako scape room edo ihes-joko bat proposatuko diete gazteei Urdanibia plazan 17:00etatik 20:00etara. Eta irailaren 22an, Kotxerik Gabeko Nazioarteko Egunean, Colon ibilbidea trafikoarentzat itxi egingo dute, ohikoa den bezala, eta besteak beste, Txingudiko Zerbitzuak antolatutako bizikleta eta patineteen bigarren eskuko salmenta azoka izango da. www.txinzer.eus atarian izena eman behar da aurretik, halako bat saldu nahi bada. Txingudiko Zerbitzuakek sei MerkaBidasoa azoka antolatzen ditu urtero, eta horietariko bi mugikortasunari lotutakoak dira. Bertako ordezkariek jakinarazi dutenez, halako azoketan 15 eta 500 euro arteko bizikleta eta patinete elektrikoak saldu daitezke, eta batez bestean 100 bat bildu ohi dituzte azokan. Iazko Mugikortasun Astearen edizioan 6.500 euroko salerosketak eman zirela azpimarratu dute, eta beraz, azoka eraginkorra delakoan daude.
Baina pedagogia ere egin nahi dute Mugikortasun Astean. Horrela, eskolara oinez ala bizikletaz joateko Eguzkitza ikastetxearekin abian jarri zuten BiziBusa ekimenari bultzada emango diote irailaren 20ean, ostiralarekin. Eta era berean, urtean zehar eskolartekoei zuzendutako Bide Heziketa ikastaroak eskaintzen dituzten udaltzainen eskutik, helduei zuzendutako Bizikletan Segurtasunez Ibiltzeko tailerra emango dute irailaren 17an goizez (10:00etatik 13:00era), eta hilaren 19an arratsaldez (15:30etik 18:30era).
Txema Ortun udaltzainak argitu duenez, «txirrindan ibiltzen dakiten askok ez dute euren burua seguru sentitzen hirian errepidetik mugitzeko, eta erakutsiko diegu neurri gutxi batzuk hartuta 30 eremuetan arazorik gabe ibili daitekeela». 16 urte artekoek kaskoaren erabilera derrigorrezkoa da, noski, baina segurtasun neurririk onena bide bazterretik joan beharrean kalearen erdigunetik zirkulatzea dela gomendatzen du Udaltzaingoak. «Hiru orduko ikastarotxo bat da, eta beldurra galtzeko balio izango du», iragarri du. Tailer hauetan parte hartzeko SAC-HAZ bulegoan izena eman behar da.
Bestalde, irailaren 22ko eguna borobiltzeko, familiei deialdia luzatu diete Bizikleta Martxa herrikoian parte hartzeko. Goizeko 10:45ean Zabaltza plazatik abiatuta, 10 kilometroko ibilbidea egingo dute lasai asko eta adin guztierako egokia den abiaduran. Iragarri dutenez, Urdanibia plazan atsedena hartuko dute hamaiketakoa egiteko.
Hondarribian ez ohiko festa
Ez dira atzean geratuko Hondarribian. Atzo ‘Emakumeak txirrindan: kaleak eta errepideak gureak ere badira!’ ikastaroa egin zuten Talaia Biteri eskolan, emakumeek segurtasunez txirrindan ibiltzen ikas dezaten. Irailak 20an, ostiralarekin aldiz, haurrekin eta adinekoekin pentsatutako hitzorduak proposatuko dituzte. Batetik, urtean zehar Balazta elkartearekin lankidetzan antolatu ohi den BiziBusa ekimena egingo dute. «Ez da berria, baina herriko haur eta gazteek eskolara bizikletaz joateko ohitura har dezaten indar bat egin nahi dugu, ulertuta guraso askok beldurra dutela», dio Gorka Obesok, Balazta elkarteko kideak. Talaiako Guraso Elkarteak eta Balaztak abian jarri zuten ekimena duela zenbait urte, eta hilean behin antolatzen zuten. Baina bertan behera geratu zen gero, eta Mugikortasunaren Europako Astean ekimena berreskuratzeko saiakera egin nahi dute.
Udaltzainen laguntzarekin eta modu antolatuan egiten denez parte hartzera animatu nahi dute. Horretarako zenbait geltoki proposatuko dituzte: Anttoni Etxeberria Mendizabal plaza (8:30), Gernikako Arbola (8:35), Martxoak 8 plazatxoa (8:40), Donostia kaleko eskailera mekanikoetan (8:45) eta Sokoako errotonda (8:50).
Era berean, aste osoan zehar Nagusikleta ekimena burutuko du Balazta elkarteak. Obesok gogoratu duenez, urte osoan zehar eskaini ohi duten aukera da. «Uliazpi, Betherram eta San Gabriel egoitzetako adineko pertsonei bertatik atera, eta triziklo handietan herrian barna ibiltzeko aukera ematen jarraitu nahi dugu», argitu du.
Aldiz, hitzordu nagusia irailaren 22an emana dute. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin adostuta, Udalak Mendelu kalea itxiko du mugikortasun jasangarriago baten aldeko auzo-festa ospatzeko. Gogoratu beharra dago, Mendeluko errepidetik egunero batez bestean 8.000 ibilgailu baino gehiago pasatzen direla, eta «bizikletentzako ez ezik, oinezkoentzat ere segurtasun arazo bat suposatzen duela, eta kutsadura eta zarata». Hori ere oroitarazi nahi izan du Balazta elkarteko Gorka Obesok. Hartara, festa Bizikleta Martxa aldarrikatzailearekin borobilduko dute. Bizikleta Martxa Gernikako Arbolatik abiatuko da 10:30ean, eta eguna Mendelun amaituko dute auzo-festan paella bazkari herrikoi batekin.