Uda luzea izan du Kemen euskal dantza taldeak, Irungo eta Hondarribiko jaietako Ezpatandatzarekin hasi eta bururatuz, baina tartean Txistularien Alardea edota Irungo Euskal Jiran ere parte hartu dute gurdi eta guzi, besteak beste. Adaxka taldekoen kasuan, gazteek Herri Katalanetara dantza egitera joan, eta hango dantzariekin trukean hauek Bidasoaldean jasotzeko aukera ere izan dute.
Udako balorazio baikorra egiten dute. Baina ikasturte berria begiz jota dutela aipatu digute Kemen dantza taldeko Naroa eta Maitanek. Aurreko urtetan bezala, Txingudi Ikastolan eta Hondarribiko Talaia Eskolan emango dituzte dantza eskolak, eta aurten Irungo Eguzkitza eta Toki Alai eskoletan ere berreskuratuko dituzte ikastaroak. Bestalde, Urantzu frontoiko haien egoitzan, LH 1etik 4. maila arteko haurrentzako ikastaroak astelehen eta asteazkenetan (17:30ean), eta LH 5. eta 6. mailakoentzat ere, astearte eta ostegunetan izango dira ordu berean. DBHkoen taldea, berriz, ostiraletan 17:00etatik 19:00tara.
Bestalde, aurtengoan ere, eskualdeko ohiko hitzorduetan taulagainean eta kaleko ekitaldietan ikasitakoa plazaratzeko aukera izango dute txikienek. Santo Tomas, Inauteriak, Amaia KZko urteko emanaldian edota Hondarribia Dantzan jaialdian ere.
Gehiago jakin nahi duenak, egunotan Urantzuko beren egoitzatik pasa daiteke dantza ikastaroetaz interesatzeko, edo 688 920 160 telefonoan harremanetan jarri. Haien posta elektronikoa adaxka@kemendt.com