«Oinaurreko anbulategiaren lehen harria hurbilago dago». Hala jakitera eman du Cristina Laborda Irungo alkateak, joan den astean Osasun Sailak egindako adierazpenen harira. Irungo Udalak Oinaurren 2015az geroztik erreserbatua du lursaila horretarako, baina orain artean Osasun Sailak beste proiektu batzuk lehenetsi ditu, beti hirierdian. Via Irun eremuan ala azken asteetan planteatu izan duen udaletxeko bulego berrietarako bideratuta dagoen San Juan plazako udaletxe aldameneko lursaila (Vaticano zena), besteak beste.
Osasun Bidasoa Plataformaren hasierako aldarrikapenetako bat izanik, 2023ko urtarrilan Oinaurren hirugarren anbulatorio bat eraikitzea lehenesteko eskaera egin zuten Eusko Legebiltzarrean EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin-Podemos-IU eta PPk. Eta azken asteetako bileren ondotik, Eusko Jaurlaritzak Irungo Udalaren planteamendua berea egiten duelakoan dago orain alkatea. Laborda pozik azaldu da «azkenean sailburu batek egoeraren larritasuna aitortu eta arazoa errotik konpontzeko premia onartu duelako».
Halere, hitzak paper busti bilaka ez daitezen, «hitzetatik ekintzetara» pasa dadila eskatu du alkateak. Horretarako, hurrengo urratsa «datozen aurrekontuetan Oinaurre eraikitzeko diru partida bat jasotzea da», argitu du.
Lehentasuna hirugarren anbulategia dela nabarmendu du alkateak. Haatik, Bidasoa Ospitalearen handitzeari buruz, aldiz, alkateak irekita utzi du beste alternatiba berri batzuk aztertzeko aukera, ahalik eta adostasunik handiena izan dezaten. «Horretarako beti dago denbora. Oñaurreko anbulatorioa martxan jarrita, alternatiba desberdinak aztertzeko tartea dago».
Elkarlana galdegin du EH Bilduk
Irungo EH Bilduk bere partetik oroitarazi du, urteak direla «Bidasoko herritar, plataforma eta osasun profesionalek eskualdean ditugun osasun zerbitzuak hobetu behar direla aldarrikatzen dutela». Azken hilabeteetan egoerak okerrera egin duela ohartarazi du ere, itxaron-zerrendak handituz eta Osasun Bidasoa Plataformak salatu izan duen moduan, zenbait espezialitate Bidasoa ospitaletik desagertu edo profesionalak ordezkatu ez direla, besteak beste.
Zentzu honetan, Oihana Briones, Irungo EH Bilduko bozeramaleak salatu du, Eusko Jaurlaritzak ez duela Bidasoaldeko osasun espazio arazoei aurre egiteko etorkizuneko plangintzarik aurkeztu urteotan. Eta berriki Irungo Udalak egindako eskaerak onartu baditu, «hirugarren anbulategia ez ezik, eskualdeko ospitalearen handitzea ezinbestekoa» dela nabarmendu du.
Bestalde, osasun sistema publiko duin baten alde, Bidasoko eskualdearentzat osasun zerbitzuen plangintza integral baten beharra dagoela onartu du Osasun Sailburuak. Eta «lanketa hau eskualdeko udal, langile eta eragileekin elkarlanean egitea ezinbestekoa» izango dela azpimarratu du Brionesek, urteetan sortutako behar desberdinei erantzun iraunkor bat emate aldera.