CD Bidasoak harremanak sendotuko ditu Bidasoa ibaiaren bi ertzeetan dauden eskubaloi klub desberdinekin. Kasu honetan, Hendaiako Stade Hendayais eta Doneztebeko Erreka klubekin adostu ditu harreman berriak, aurrerapauso bat emanez orain dela sei urte hasitako bidean. Gurutz Aginagalde presidenteak esan du, orain arte maila lokalean egindako teknifikazioak Bidasoaren bi aldeetan egingo dituztela. «Hazten jarraitzeko aurrera pausu bat da. Klub eta herri desberdinak batuko ditugu eta aurrerantzean ere, Euskal Herriko best elekuetan egingo ditugu», aurreratu du Aguinagaldek.
Bidasoa Isuria proiektuak Euroeskualdearen babesa jaso du, eta bertako ordezkari den Marie Heguy-Urainek uste du kirola dela federatzen gaituen arloa. Etorkizunari begira, positiboki baloratu du hiru klubek sinatutako hitzarmena: «Hiru klubek erakutsiko digute proiektu honen bidez nola hobetzen duten lankidetzan».
Hemendik aurrera, Stade Hendayais eta Errekako jokalariek, Bidasoakoekin batera, teknifikazio saio batzuetan parte hartuko dute. Hain zuzen Hendaiain elkartuko dira hiru klubetako jokalariak entrenamendu bat ospatzeko, Alex Mozas, Javier Martinez, Nacho Torrescusa, Jerome Fernandez eta Julen Aginagalderen gidaritzapean. Azken honek aipatu duenez, «elkarrekin lanean arituko gara komunitate bat sortzeko helburuarekin. Hazi nahi dugu eta klub hauei ere erraztasunak eman nahi dizkiegu garatu daitezen».
Proiektua garatzen laguntzeko, hain justu, Bidasoaren enbaxadore berria izendatu duten Jerome Fernandez izango dute bidelagun. Honek ongi ezagutzen baititu Bidasoaren bi aldeetako jokatzeko ohiturak. Bordelekoa sortzez, ASOBAL Ligan aritu zen zortzi urtez, eta hori guztia ongi baliatuko duela uste du berak «gazteak maila gorenera ailegatu daitezen laguntzeko».
Zentzu honetan, Stade Hendayais eta Erreka bezalako klubentzat hitzarmen hau garrantzitsua izanen dela aipatu dute bi taldeetako ordezkariek. Bi klubek ere 250 bat jokalari dituzte guztira, 14 eta 9 taldeetan banatuta hurrenez hurren. Gorka Roma Stade Hendayaiseko ordezkariak onartu du, «proiektuarekin ilusionatuta» daudela. Pablo Elizondo, Errekako ordezkariak bere partetik, proiektua modu naturalean hartu du, «gu ere Bidasoa bailarakoak baikara». Gero eta hazkunde gehiago izaten ari den kluba da Doneztebekoa eta proiektuak «ilusioz» betetzen ditu «egunerokoan eta proiektu honetan lan egiteko».