Ipar Euskal Herriko lehendabiziko Emazteen Etxea Urruñako Pausu auzoan zabalduko ditu ateak udazken honetan. Hilabete luze daramatzate Iparraldeko emakume elkarte eta eragile feminista desberdinek proiektua martxan jartzeko gogoeta eta bilkura desberdinetan murgildurik. Eta joan den ekainean Biltzar Nagusi Eratzailea egin ondotik, orain proiektua gizarteratzeko bilera informatiboetan ari dira. Ostegun hontan bilera deitu dute Pausuko udal egoitzan (Eizaren aldamenean) 20:00etan azken urratsak emateko.
Prozesu parte-hartzaile batetik eratorritako proiektua da honakoa, non Iparraldeko elkarte feminista desberdinak biltzen dituen Egiazko Berdintasunaren Alde (EBA) kolektiboak, Hendaian, Baionan eta Donazaharren bilera bana antolatu zuten iaz, tokiko agintariekin lankidetzan, iritzi eta ekarpenak jasotzeko. Aurretik ere inkesta bat egin zuen EBA kolaktiboak 2023an, eta 192 emakumeen erantzuna jaso zuten Ipar Euskal Herri osoan. Haietatik %98,4ak emazteen etxea «beharrezkoa, erabilgarria, interesgarria eta aberasgarria» zela adierazi zuten. Era berean, 124 pertsona aurkeztu ziren etorkizuneko egituran boluntario gisa laguntzeko.
Haien artean, Hendaiako Bagera elkarte feminista partaide da, eta Itziar Varela bolondres horietariko bat. Ipar Euskal Herrian jauzi kualitatiboa emango du mugimendu feministak bere ustetan. «Emakume asko dago bakarrik aurkitzen dena, eta ez dakiena nora jo laguntza eske. Hemendik goiti Emazteen Etxea izango dute, espazio seguru bat non bortizkeria kasuen aurrean ez ezik, tailer eta bestelako kontuetarako laguntza topatuko duten», azpimarratzen du.
Prozesua luzea izan dela aitortzen du. Eta erakunde publikoen babesa ezinbestekoa izanik, Urruñako herriko etxeak lagatutako egoitzari esker, Bidasoa eskualdean zabalduko ditu ateak Ipar Euskal Herriko aurreneko Emazteen Etxea. Hala ere, proiektua hedatzen joan beharra duela dio, barnekaldera. «Honakoa lehenbizikoa besterik ez da, hausnarketa prozesuan argi geratu baita, Ipar Euskal Herriko kostaldeko eta barnekaldeko emakume eta mugimendu feministen beharren artean desoreka handia dagoela», dio Varelak.
Bagera elkartearen ikasturte hasiera
Bestalde, Bagera elkarteak hainbat proiektu jarriko ditu martxan udazken honetan. Hasteko Menulis konpainiak proposatuko duen “Nik neure nia dantzatzen dut” proiektua burutuko dute. 3 tailer emango dituzte, irailaren 28an, urriaren 26ean eta azaroaren 29an, larunbatarekin hiruak, goizeko 9:00etatik 13:00era Denentzat Sozial Zentroan. Gorputz adierazpena eta espazio seguruak sortzeko aukera emango duen hitzordua izanik, parte hartzera animatu dute elkartetik, oraindik ere lekua dagoenez. Izena emateko bagera.komunikazioa@gmail.com
Bestalde, irailaren 28a Abortatzeko Eskubidearen Nazioarteko eguna izaki hitzaldi bat antolatzen dute. Eta udazken honetan indar berezi bat egingo dute belaunaldi gazteak sentsibilizatzeko. «Badakigu etorkizuna lantzeko hezkuntza ezinbestekoa da, eta txikitatik ikasi behar da emazteen eskubideak zeintzuk diren», azaldu digu Itziar Varelak. Kasu honetan antzerkiaren bueltan bi proiektua aurkeztu ditu Bagera elkarteak. Batetik, "Aitorpena emakume xehetu batekin" izeneko obra landuko dute Nanua konpainiaren eskutik, #Azaroak25 kari Borderline Fabrikan taularatuko dute, eta hasieran Hendaiako Aizpurdi lanbide heziketako ikasleekin ikasleekin mahainguru bat antolatuko dute.
Bestetik, Irandatz kolegioko ikaslee gazteagoekin, antzerki forum bat antolatzen ari dira diskriminazioa eta berdintasuna lantzeko. Kasu honetan, eskola barruan geratuko den lanketa izanen da.
Ezin ahantzi daiteke, bestalde, Azaroak 25 Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrazteko Nazioarteko Eguna hurbiltzen hasi zaigun honetan, Bidasoko eragile feministekin batera mobilizazio eta sentsibilizazio ekimenak burutuko dituztela. Urtero bezala, Martxoak 8 eta Azaroak 25 baliatzen dituzte, mugimendu eta aldarrikapen feministen ikur egunak diren heinean, M8 Bidasoko Asanblada Feministaren magalean ekintzak antolatuko dituzte. Eta aste honetan hasiko dira Irun, Hondarribia eta Hendaiako eragileen arteko aurreneko bilerak.