Aurtengo Txingudi Korrika berezia denez, urriaren 6an, igandearekin eta arratsaldez beharrean, goizeko 10:00etan ospatuko da. Bidasoa Atletiko Taldeak antolatzen duen herri lasterketa kirola eta Txingudi-Bidasoa bailarako herri lasterkariak biltzeko duen gaitasuna kontuan hartuta, eskualdeko kirolaren festa bilakatu baita. Klasiko bat.
Aurten 25 urte betetzen ditu, Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko partzuergoaren sorrerarkein batera, eskualdeko udalerriak ibaiaz gaindi batzeko ekimen gisa. Eta lasterketan parte hartzen dutenekin ez ezik, antolaketan ere lortu du mende laurden honetan. Irun eta Hondarribiko zatiak Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) kudeatzen dituen bitartean, beti behar izan baitute Hendaiako lasterketaren ibilbidea kudeatzeko kontraparte baten laguntza. Eta 25 urteotan Antxeta Irratia, Hendaiako Gure Ikastola edota Urpean elkartea izan ditu laguntzeko prest.
Hau kontuan hartuta, urriaren 5ean, lasterketaren aurreko egunean arratsaldeko 18:30ean, 25. urtemugaren ospakizuna egingo dute Hondarribiko udaletxean. Harrera ofiziala egingo diete mende laurden honetan antolaketa lanetan aritu diren elkarte desberdinei, baita orain arte lasterketa irabazi duten korrikalari guztiei ere. Zentzu honetan, Lupe Queiruga eta Borja Olazabal, Hondarribia eta Irungo Udaletako Kiroletarako udal ordezkariek BAT elkarteak egindako lana eta lasterketa honek lortutako sona goraipatu nahi izan dute aurkezpenean. Erreferentziazko hitzordua bilakatzearekin batera, herritarren artean jarduera fisikoa eta bizimodu osasungarriak bultzatzeko tresna ere izan delako urteotan guztietan.
Aipatutako ekitaldian, Txingudi Korrikaren historia biltzen dituen argazkiak eta bideoak proiektatuko dituzte. Eta korrikalari historikoekin batera, orain arteko errekorrak dituzten Sara Villasante (35:41) eta Unai Arroyo (30:52) egongo dira udaletxean. Eta gogoan hartu sarien artean badagoela, hauen marka apurtuko duenarentzat 100 euroko sari berezaia gordetzen dute antolatzaileek. Gainerakoan, sailkapen nagusiko lehen bost emakume eta gizonak, eta Hendaia, Hondarribia eta Irungo aurreneko emakume eta gizonezkoentzat ere sariak banatuko ditu BATek.
Aurtengo edizioari begira, momentuz, 425 korrikalarik eman dute izena lasterketan eta egunean berean 600 batek irteera hartzea espero dute. Izen-emateak soilik online egin daitezke, urriaren 4a arte, kirolprobak.com webgunean. Dortsalak berriz, urriaren 4tik 6ra jaso ahal izango dira, arratsaldez, Palmera Montero guneko bosgarren gelan. Edo igandean irteeran bertan. Hortaz gain, beste 200 parte hartzaile espero dira urriaren 5ean Stadium Galen ospatuko duten Txingudi Korrika Txikian. Hauek dohainik izena eman dezakete.
Gainerakoan, nobedade nagusia lasterketak asteburuan hartuko duen zentralidadea izango da. Orain arte larunbat arratsaldez korritu izan bada, lasterkarien nahiak adituz aldatzea erabaki dute, «eguerdiko beroa sahiestuz honela, eta korrikalariek laster egiteko beharrezko baldintza guztiak betetzeko», argitu du Ibon Muñoz BATeko ordezkariak. Bestalde, Gipuzkoako 10K-ko Txapelketa ere izango da aurten Txingudi Korrika, eta betiko ibilbide bera osatu beharko dute parte-hartzaileek.