Arraztalo: agroekologia gaixo psikikoen lan integraziorako tresna

Aitor Errazkin 2024ko ira. 26a, 13:13

Gaixotasun mentala duten pertsonen lan integrazioa bultzatzen duen Arraztalo elkarteak 15 urte bete ditu. Eta agroekologian oinarritutako kontsumo taldearen saskien banaketaz ez ezik, hainbat azoketan eta merkataritza txikiaren bitartez merkaturatzen dituzte haien produktuak. Besteren artean, Hondarribiko San Pedro kaleko OLAKO dendan aurki daitezke haien produktuak. 

Arraztalo, Oiartzungo gaixo psikikoen elkarteak 15 urte betetzen ditu. Elkarte honek, gaixotasun mentala duten pertsonen lan integrazioa bultzatzen du. Eta horretarako 2010ean sortu zutenetik, baratza ekologiko baten proiektua garatzen dute. Jon Del Olmo elkarteko kideak esplikatu digu, bi baratze ustiatzen dituztela gaur egun. Eta hortaz gain, sagarrondoak dauzkatenez, sagardo ekologikoa ekoizten dute. Proiektuaren eramaileak arrunt konten daude proiektuak izan duen garapenarekin, eta bereziki hasierako helburuak betetzeko eman dituen emaitzekin. «Langileen egoera psikikoa hobetzeaz gain, haien lanaren fruitua ikusterakoan, gizarteak dauzkan tabu, beldur eta estigma guztiak baztertu, eta haien zailtasunetaz jabetzen dira herritar askok», nabarmentzen dute. 

Arraztalok, zehazki, barazki ekologikoen asteroko saski banaketan oinarritzen du bere jarduera nagusia. Ekoizleekin harreman zuzena izatea eta kontsumo arduratsua eta jasangarria bultzatzen ditu. Hain zuzen, partaide bakoitzak astero barazki saski bana jasotzen du, eta banaketa nagusia astelehenero egiten dute 18:00etatik 18:45era Oiartzungo Doneztebe plazan. Hala ere, badago aukerarik beste banaketa modu eta egunak partaide bakoitzaren beharren arabera adosteko ere. Banakoez gain, enpresetara ere egiten baitute banaketa. Hilean 55€ko prezioa dute saskiek (4, hilabete bakoitzeko), eta astean bi pertsonentzako adina barazki dagoela saskian diote. 

Proiektu agroekologiko eta soziala garatzen joan den heinean, kontsumo taldearen saskiez haratago joan dira. Eta haien ekoizpena 45 bat saski betetzeko heinekoa denez, gaur egun beste hainbat tokitan topa daitezke haien produktuak. Labore Oarson ez ezik, Oreretako baserritarren azokan ere merkaturatzen dute astero. Eta merkataritza txikian lehen urratsak eman dituzten honetan, Hondarribiko San Pedro kalean dagoen Olako (tienda de abastos) dendan aurki daitezke Arraztalo elkartearen produktuak.

Aurtengo bazkidetza kanpaina irekita dago, eta interesa duenak mezu bat bidali edo 617 58 57 24 zenbakira deitu beharko du. Hala ere, Arraztaloren webgunean dago informazio guztia.