Irailak 30ean «eskubideak ez direla zahartzearekin galtzen» aldarrikatuko dute pentsionistek Irunen

Antxeta Irratia 2024ko ira. 27a, 11:32

Urriaren 1ean Adinekoen Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuta, datorren astelehenean (irailak 30) manifestazioa deitu du Txingudiko Pentsionisten Plataformak Irungo San Juan plazatik abiatuta. Pentsioen etorkizuna jokoan dagoenez, gazte, ikasle, sindikatu eta kolektibo feministak manifestaziora batu daitezen deia luzatu dute.

2018az geroztik astelehenero mobilizatu da Txingudiko Pentsionisten Plataforma. Euskal Herriko eta estatu mailako beste kolektiboekin indarrak bildu, eta ekintza ugari burutu dituzten arren, orain artean ezer gutxi lortu dute. Plataformatik argi dute agintariek logika kapitalistaren baitan kudeatzen dituztela pentsio publikoak. Eta pentsioen gastua apaltzeko helburuarekin burutzen dituztela erreforma guztiak. «Dirua badago gutxienezko pentsio duin bat bermatzeko, baina Europatik datorren irizpidea da pentsioen gastua apaltzea», diote plataformako kideek.

Zentzu honetan, paradigma aldaketa bat emango ez den bitartean, adinekoen eskubideak bermatuko dituen sistema publikoa mehatxupean dagoela ulertuta, hasierako pentsio publikoen aldarrikapenei, adineko pertsonen gainerako arazoei lotutako eskaerak ere exijitzera pasa dira urteotan. Horiek horrela, dependentziarako arreta sistema publiko duina, adinekoen erresidentzia sare publikoa indartzea eta adinekoen zaintza ez merkantilizatzea, pentsioetan dagoen genero arrakalarekin bukatzea, eta bereziki, gutxieneko 1.080 euroko pentsioa aldarrikatuko dute heldu den astelehenean berriz ere. «Aldarrikatu nahi dugu eskubideak ez direla galtzen zahartzen goazen heinean», argitu dute. 

Plataformak argi du dagoeneko 1.200 eurokoa beharko lukeela izan aldarrikatu beharrekoa, zazpi urteotan motz geratu baita hasierako 1.080 euroko eskaera. Baina erreformak erreforma, gogoan dute Eusko Jaurlaritza pentsioen sistemaren eskumena lortzeko negoziatu nahian dabilela Espainiako Gobernuarekin, eta gauzak mugitzen ari diren honetan, argi dute erreforma eta aldaketa oro, «pentsionisten faboretan baino, beti pentsioak murrizteko helburua dutela, beti erabakitzen dute a la baja».

Horregatik, orain inoiz baino gehiago gizarte osoa mobilizatzeko beharra ikusten dute pentsionistek. Heldu den asteleheneko manifestaldia, Irungo San Juan plazatik abiatuko da 12:00tan, eta pentsionistak ez ezik, kolektibo feminista, gazte, ikasle eta sindikatuak ere deitu dituzte parte hartzera. Denen arazoa izanik ere, asko kostatzen ari baitzaie gazteak borrokara biltzea. Eta ohartarazi duten moduan, «etorkizuneko pentsioak dira orain borrokatzen ari direnak». Astelehenekoa mugarri bat izan daitekeela uste dute Txingudiko pentsionistek 

Iparralden ere mobilizazioak

Bestalde, erretreten erreformaren kontrako greba deia egin dute Ipar Euskal Herrian urriaren lehenean ere. Frantzia osotik greba deia zabaldua bada, Baionan ere sindikatu zenbaitzuk dei egin dute. Horien artean, CGT, FSU, LAB, Solidaires eta lizeoetako sindikatuak. Urrian asanblada nazionalean Estatuko eta Sekuritate Sozialeko aurrekontua aipatuko dutela aprobetxatuz une egokia delakoan daude sindikatuak. 

Hitzordua beraz, urriaren lehenean, Baionako Santa Ursula plazan goizeko 10:30tan eman dute.