Bidasoa Bizirik garapen agentziaren arabera, uztaila eta abuztua bitartean Hondarribiko hotelen okupazioa ia %100era iritsi da, 2023ko udan baino bi puntu gehiago. Era berean, herriko turismo bulegoetan 10.134 bisitari jaso dituzte, horietariko 5.544 Arma Plazan eta Portuko bulegoan beste 4.590 lagun. Artatutako bisitarien %39a Espainiako Estatutik kanpokoa izan da, frantsesen presentzia nabarmena izan delarik, ororen %27. Gainerakoan Erresuma Batua, Belgika, Alemania eta Estatu Batuetatik iritsitako bisitariak izan dira gehienak. Aldiz, estatu mailako bisitarien kasuan, gehiengoa madrildarra izan dela azpimarratu dute.
Hondarribian, berriz, turismo jasangarriaren aldeko apostua egin nahi dute. Zentzu honetan, Estitxu Urtizberea Bidasoa Bizirik-eko lehendakariorde eta Hondarribiko alkateordeak azaldu duenez, «oinarrizkoa da Hondarribian bizi diren pertsonen eta bisitatzen gaituztenen artean oreka aurkitzea. Gure helburua da turismo hazkundeak gure bizilagunen bizi kalitatean eragin negatiborik ez izatea eta, aldi berean, gure bisitariei esperientzia benetakoa eta aberasgarria eskaintzea». Oreka hau funtsezkoa dela dio Hondarribiaren nortasuna eta xarma mantentzeko, turismo garapen arduratsu eta errespetuzkoa bultzatuz.
Garapen agentziak emandako datuen arabera, turismo bulegoetara hurbildu den bisitarien profila emakumezkoa izan da, eta batez ere planoak, mapak, informazio orriak eta bertako zein inguruetako interes turistikoko lekuen gomendioak eskatu dituzte.
Irunen uda historikoa
Irunen, aldiz, %100eko okupazioa lortu du uda honetan. Oiasso Museoak bere udako bilana egiterakoan iragarri zuen bezala, atzerriko bisitarien kopuruak gora egin du aurten Irunen, eta Bidasoa Bizirik erakundeak nabarmendu du ere «turistak nabarmen igo direla eta Irun bisitarientzat helmuga erakargarri gisa sendotu egin dela». Bisitarien profilari dagokionean, aurten Espainiako Estatutik kanpokoak %29 izan dira Irunen, iaz baino bi puntu gehiago. Hots, Frantziako Estatukoak eta alemaniarrak iaz baino gehiago izan dira.
Uztaila eta abuztuan bisitari bakoitzak batez bestean bi gau igaro ditu Irunen. Nuria Alzaga, Bidasoa Bizirik-eko presidente eta Irungo zinegotziak «uda historikotzat» eman du. Eta ondare historikoa erreklamu den heinean, Oiasso Museoa ez ezik, aurten Junkaleko kanpandorreko bisitaldietan hitzordu guztiak bete egin direla ohartarazi du Alzagak. Eta bisitak izan duen arrakasta ikusita, egitasmoa urriaren 26ra arte luzatu dute.
Bestalde, Irungo turismo bulegoak 2.954 bisitari izan ditu, iaz baino 154 gehiago.