Bi hilabete iragan dira 72 urteko Bakhata Belahcene, Berta, auto batek jo eta bertan bere hilotza utzi zuela. Urtarrilan, aldiz, 18 urteko Joana de Almeida gaztea zendu zen antzeko istripu batean. Halakoen ondorioz, Gaintxurizketa gure eskualdeko eta Gipuzkoako errepide-sarearen puntu beltz nagusia dela salatzen dute. Gaintxurizketa auzo elkartea eratu behar izan dute euren aldarrikapenei bide ofizialetatik bide emateko. Eta beharretik hasi dira mobilizatzen eta pankartak egiten azken hilabeteotan.
Urriaren 9an Gipuzkoako Batzarretan Gaintxurizketa-Lezoko bi kilometroko tarte honen segurtasuna izango dute hizpide. «Gure kezka da, hurrengoa noiz izango den, otzikara ematen dizu bidea ikustea, eta hori trasladatu nahi izan diegu agintariei, alderdiz-alderdi, ohartu daitezela zer dagoen Gaintxurizketan», dio Iñigo Ugarte auzo elkarteko kideak.
Izan ere, hainbatetan hunkitu dute Oarso-Bidasoaldea bertan emandako istripuek. 2022an Jon Rodriguez txirrindulari hondarribiarra akatu zuen auto batek errepide horretan. Mobilizazio handiak eragin zituen istripu horrek. Baina orduz geroztik, gutxienez 7 lagun zendu dira Altamira eta Gaintxurizketa arteko 5,5 kilometroko errepide zatian. Eta horietariko hiru biktima 2024an eman badira, Gaintxurizketako gainan eta Lezoko Rekalde bailaran oinezkoak daude haien artean. Horregatik, auzokideak Gipuzkoako Batzarretara jo dute kezkaturik eta aterabide baten eske. Ugartek Antxeta Irratian kontatu duenez, «hildakoez gain, heritu asko bildu ditu errepide honek azken urteetan, ikusi ditugun anekdotak benetan beldurtzekoak dira, beldurgarria da», dio auzokideak, «badirudi Lezoko herriak berak ez dakiela hemen auzo bat dagoela, baina etxe gehienak alokairu merkeak dira, asko atzerriko jatorrizkoak eta diru askorik ez dutenak, eta askok ez dute kotxerik ere». Hortaz, beste alternatibarik ez dutenez, errepide bazterretik doaz oinez haien burua arriskuan jarriaz.
Iñigo Ugartek argi du, segurtasunaren izenean berehalako neurriak hartu behar direla bertan. «Puntu beltza da, eta iluna, bi kilometro hauetan ez baitago argirik ere», azpimarratzen du. Bestalde, Lanbarren industrigunea aldamenean daukate, eta kamioi astun asko pasatzen dira, autobiderako sarbide zuzenik ez dagoelako. Eta Lezoko auzo honetan dago Euskotreneko Topoaren geltokia. Zentzu honetan, bertako arranplak berritzen ari dira egunotan, eta bertako auzokide eta erabiltzaileentzat pasabide seguruak eskatzen dizkiete Gipuzkoako Foru Aldundiari, Euskotreni, ADIF erakundeari eta dagokionari.
Istripuak eguneroko kontua diren bitartean auzokideek ez dute etsiko. OarsoBidasoaldeko herritar guztien arazoa dela ulertzen dute, eta beraz, Gipuzkoako Batzarretan gaia aztertuko dute urriaren 9an. Gaintxurizketa Auzo Elkarteak segurtasuna bermatzeko berehalako neurriak aldarrikatzeaz gain, errepide horrek duen batez besteko trafikoaren datu ofizialak zeintzuk diren, eta azken urteetan emandako istripu kopurua eta hildakoen erregistroa argitu dezatela eskatu du ere.
“GI-636ak Hil Egiten Gaitu” lelopean kontzentrazioa deitu dute Gaintxurizketan urriaren 7an, 18:00tan, Errekalde hotelaren aurrean. Hurbilduko diren pertsonen segurtasuna bermatzeko, Salvako aparkalekuan eta 107 poligonoan aparkatzea gomendatu dute.