2014 inguruan hasi zen aurrenekoz Antxeta Irratiaren uhinetan eta sarean Kiroletik podcasta, eta hamarkada batean, eskualdeko kirolari loturiko gaurkotasunaren erreferenteen artean leku nabarmena erdietsi du. Egun astean bitan eta bi ahotsetara aurkezten dute saioa Paola Oskoz eta Jean Pierre Harocarenek, baina Unai Oiartzunek hasi zuen bidean Xabier Fernandez ere izan zen aurkezle.
Irratiko ekoizpena izateaz harago baina, sustatzaileek argi zuten sareko presentzia proiektuaren gakoa izanen zela. Hala, kiroletik.eus ataria eta sare sozialetako perfilak etengabe elikatu dituzte kazetariek azken hamarkadan.
Eskualdean kategoria gorenetan ari diren bi talde izateak -Bidasoa eta Real Union- kirol gaurkotasuna betetzen du usu, baina beste kirol, talde eta herriei ere merezi duten argia ematen lan egin du Kiroletik proiektuak. Genero ikuspegia mantentzen ere ahalegin berezia egin du, eta azken urteetan sortu edo indartu diren emakumeen proiektuek edo ekimen parekideek bidelagun izan dute hedabidea.
Webgune berrituan modu erosoagoan entzuten ahal dira astero Oskoz eta Harocarenek egiten dituzten bi podcastak, eta aurki podcast plataformetara ere hedatuko dira emankizunak. Azalean argazkiek eta taldeen emaitzek ere zentralitate handiagoa izanen dute, eta herri bakoitzeko taldeetara eta kirol ezberdinetako albisteetara sarbide errazagoa du atariak.